GASTEIZ. Mintzapraktika programetako taldeak elkar ezagutzeko eta harremanen sarea zabaltzeko noizbehinka ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera izaten da: ikastaroak, irteerak, bazkari eta afariak, ikuskizunak... Besteak beste, 2013 urteari ongi etorria Gorbeia mendiaren puntan eman zioten mintzalagunek abenduaren 31n. Hortik aurrera ekintza osagarri andana eskaini dituzte: poteo ibiltaria, Lorenzo Rojo bidaiariaren "Munduan barrena bizikletaz" eta Asier Otamendi bertsolariaren "Mundugiro" diaporamak. Bigarren urtez ere "Euskara Pil-Pil erara" sukaldaritza ikastaroak arrakasta handia izan du. Artepanekin elkarlanean okindegia eta pastelgintza lantegia bisitatzeaz gain pizza ikastaroa bat antolatu zuten.
Aurten Gasteizko museoak ezagutzeko egutegia osatu dute, dagoeneko euskarazko bost bisita gidatu egin dituzte.
Ikasturteari bukaera emateko, bigarren urtez, Zarauzko hondar-tzan surf ikastaroa egiteko aukera izango dute gaztelagunek, Gauekoak programarekin elkarlanean antolatutako ekintza bat delako. Gainera, Arabako Mendialdea ezagutzeko BTT ibilbide gidatu bat ere antolatu dute.
Azkenik, gurasolagunei begira, "Euskaraz jolastu parkean" ekimena martxan jarriko dute. Umeak parkean jolasten diren bitartean gurasoak elkartu nahi dituzte, haiek ere euskaraz solastu daitezen. Bestetik, aurten Elgoibarren ospatu dute Mintza Eguna ekainaren 1ean, larunbatean. Euskal Herriko mintzalagunen topaketan jai giroa bermatuta egon zen. Elgoibarko Izarra kultur elkarteak 50 urte bete ditu aurten eta urteurrena mintzalagunekin ospatu nahi izan dute. Mintza Eguna urtero ospatzen da. Helburua da Euskal Herriko mintzalagunak elkartzea eta sarea sendotzea.