gasteiz. Orain dela urte bete jaio zenetik, Hirinet.net atariak 90.000 bisita inguru izan ditu. Gainera, astero bidaltzen den buletinak 1.800 harpidedun inguru lortu ditu denbora tarte honetan. Horrez gain, sare sozialak funtsezkoak izan dira Hirinet-en argitaratu diren eduki guztiak zabaltzerako orduan. Horrela, 2.000 jarraitzaile inguru biltzen ditu Facebook, Twitter, Youtube eta Tuentin dituen orrialde zein profiletan. Gainera, Araban antolatzen diren euskarazko ekintza guztiak biltzen dituen Euskararen Agenda eskaintzen du Hirinet.net-ek, non 2.000 agenda ohar baino gehiago argitaratu dituen. Iritzi atalean, berriz, pil-pilean dauden gaien inguruko hausnarketak eskaintzen ditu, gero eta handiagoa den kolaboratzaile-sare bati esker.

Egun, 30 kolaboratzaile baino gehiagok osatzen dute sare hau. Erabiltzaileen parte-hartzea ere goraipa daiteke, asko izan baitira irakurleek bidali dizkieten argazkiak, idatziak, iritziak eta iruzkinak. Gasteizko gaurkotasun informatiboa euskaraz jarraitzeko aukera zabaldu nahi du Hirinet-ek eta euskaldunen komunitatearen erreferentzia digitala izateko xedea du.