gasteiz. GEU elkarteak Hirinet.net atariaren lehen urtea gasteiztar guztiekin ospatu nahi du eta horregatik, Gasteizko euskaldunon atariaren lehenengo urteurren jaia ospatuko du gaur, apirilaren 19an, Andra Mari Zuriaren enparantzan. Ospakizuna 18.30ean hasiko da, Kike Amonarriz aurkezle eta soziologoak eskainiko duen Gazte hizkerak eta hizkera gazteak: XXI.mendeko euskara hitzaldiarekin. Ondoren, Hirinet atariaren urteurrenaren harira ekoiztu den bideoa ikusgai izango da. Bertan, web gunearen hainbat kolaboratzaile, lagun-tzaile eta erabiltzaile zein lehen urte honetan atariko protagonistak izan diren pertsonaiak agertuko dira. Horrez gain, GEU elkarteak argitaratzen zuen GEU aldizkariaren portada guztien erakusketa egingo da. Jaialdiari amaiera emateko, 21.00etan, bertsoak eta musika uztartzen dituen Bertso Tavern emanaldia izango da. Ander Solozabal eta Jagoba Apaolaza bertsolariek eta Jere (akordeoia), Mikel Irusta (saxofoia), Jorge Lauzurika (gitarra), Gorka Etxebarria (bateria) eta Maddi Ane Txoperena (bibolina) musikariek eskainiko duten kontzertuan bertsoak dira erdigune. GEU elkarteak Hirinet orriaren (www.hirinet.net) lehen urteurren jai honetara gonbidatu nahi ditu gasteiztar guztiak eta eskerrak eman nahi dizkie urte honetan web gunea bisitatu dituzten pertsona guztiei zein modu batez edo bestez Gasteizko euskaldunon sare hau elikatzen eta sendotzen lagundu duten guztiei.
Horrela, Hirinet-en lehenengo urteurrena ospatzeko jai bat antolatu dute Andra Mari Zuriaren enparantzan. Gasteizko euskaldunon ataria ezagutzeko eta euskal giroan arratsaldea pasatzeko aukera ederra izango da.
jende gehiagorengana iristea Hedabide berri hau iaz ireki zen. Hirinet.net web orria elikatzen laguntzeko aukera dute gasteiztarrek, nahi duenak iritzi artikuluak bertan plazaratzeko aukera baitu. Horrez gain, zorion agurrek, multimedia elementuek, argazkiek, irudiek, gutunek... Hirinet.net orrian lekua dute.
Gasteizko gaurkotasun informatiboa euskaraz jarraitzeko aukera zabaldu nahi du. Hirinet atariak euskaldunen komunitatearen erreferentzia digitala izateko helburua dauka. Besteak beste, Gasteizen eta Araban euskaraz antolatzen diren ekimenen hilabeteko agenda osatua eskaintzen dute.
Ahalik eta jende gehiagorengana iristea izango litzateke helburua, baita Gasteizko euskaldunentzat euskaraz informatuta egoteko tresna baliagarria bilakatzea ere. Honekin batera, ezin daiteke ahaztu hasierako helburua, izan ere, GEU elkartearen egitasmo komunikatiboak paperekoa argitaratzea aurreikusten du eta hurrengo pausua, hortaz, erronka horri aurre egitea izango litzateke.
sakontasunez Euskara hutsezko sareko komunikabide honen oinarriak informazioa, gaurkotasuna eta entretenimendua dira. Egunero Gasteizen gertatzen diren albiste garrantzitsuenak biltzeaz gain, gai ezberdinak sakontasunez jorratzen dituzten erreportajeak eta elkarrizketak lantzen dituzte.
Arabako gaurkotasunaren protagonistak ezagutzera eman ditu atariak; Pou anaiak, Ivan Fernandez lasterkaria, Unax Ugalde aktorea, Berri Txarrak taldeko kideak edo Oihane Perea bertsolaria bezalako pertsonaiak sakontasunez elkarrizketatuz. Gasteizko euskaldunak dira haien publiko potentziala. Euskaldun zaharrak, euskaldun berriak, ikasten dabiltzanak...
Ahalegin berezi bat egin beharko dute euskaldun gazteak erakartzeko. Azken finean beraiek baitira euskararen etorkizuna eta aldi berean teknologia berriak, Internet eta sare sozialak gehien menperatzen dituztenak.