GASTEIZ. Hedabide berri bat ireki da. Hirinet.net web orria elikatzen laguntzeko aukera izango dute gasteiztarrek, nahi duenak iritzi artikuluak bertan plazaratzeko aukera izango baitu. Horrez gain, zorion agurrek, multimedia elementuek, argazkiek, irudiek, gutunek? Hirinet.net orrian lekua izango dute. Gasteizko gaurkotasun informatiboa euskaraz jarraitzeko aukera zabaldu nahi du. Hirinet-ek euskaldunen komunitatearen erreferentzia digitala izateko helburua dauka. Besteak beste, Gasteizen eta Araban euskaraz antolatzen diren ekimenen hilabeteko agenda osatua eskainiko dute.
Komunikabide batzuk krisiagatik ixten ari dira. Zuek, ordea, hedabide berri bat ireki duzue. Zeintzuk dira helburuak?
Gure helburua Gasteizen tokian tokiko hedabide euskaldun eta euskaltzale bat izatea da. Gure hirian hizkuntzaren normalizazioa eta erabilera bultzatuko dituena eta aldi berean euskal komunitatearen topagune izan nahi duena. Egia da, egoera ekonomikoa ez dela egokiena horrelako proiektu bat abian jartzeko; baina GEU elkarteak, azterketa sakon baten ondoren eta aurretik egindako lanari esker, Hirinet aurrera ateratzea posible egin du eta etorkizunean papereko edizioa izatea ere nahi genuke.
Euskaraz irakurtzea ez da hain arrunta Gasteizen. Hala ere, hedabide berri hau euskaraz idazten da. Araban euskara normalizatzea ez da lan erraza.
GEU elkarteak, sorreratik izan dituen helburuak euskararen erabilera bultzatzea eta euskal komunitatea trinkotzea izan dira. Bide horretan beste pauso bat da oraingoan Hirinet, aurretik GEU aldizkaria, Mintzalaguna edo beste hainbat izan zitezkeen bezala. Duela hogei urte elkartea sortu zeneko eta gaur egungo egoera erabat ezberdinak direla ere argi dugu eta orain orduan baino hobeto gaudela ere bai, hizkuntzaren erabilera eta ezaguerari dagokionean behintzat. Beraz, euskararen normalizazioa ez da lan erraza baina pixkanaka aurrera goaz.
Pasaden astean manifestaldi bat ospatu zen Gasteizen euskararen alde. Zein da gaur egun euskararen egoera Gasteizen? Gero eta gehiago erabiltzen da kalean?
Euskaraz bizitzera goaz eguna ospatu genuen joan den larunbatean Gasteizen, euskalgintzako eragile ezberdinek deituta eta egunari berari dagokionez balorazio positiboa besterik ezin dugu egin, batez ere, izan genuen eguraldi makurra kontuan hartuta. Gasteizen euskararen egoerari dagokionean berriz, aurrerapauso handiak egin direla nabarmendu behar dugu, azken 30 urteetan hizkuntza menperatu edo ezagutzen dutenen kopuruak izugarri egin baitu gora. Gaur egun Gasteizko populazioaren laurdena euskaldun bezala defini dezakegu eta beste laurden bat ia euskaldun bezala. Nahiz eta egia den, oraindik hizkuntzaren erabilera egunerokotasunean ez datorrela datu horiekin bat, azken honetan egin beharko genuke lan bereziki eta gazteekin batez ere.
Zure iritziz, zer egin behar dute administrazioek Gasteizen euskara indartzeko?
Hasteko, hizkuntza bera erabili, hainbatetan gertatzen baita administrazioarengana jo eta euskaraz aritzeko oztopoak besterik ez izatea. Orokorrean berriz, euskararen normalizazioa bultzatuko duten politika egokiak bilatu beharko lirateke eta horretarako behar besteko baliabideak bideratu. Baina aldi berean ezin dugu erantzunkizun guztia administrazioen gain utzi, euskara indartzea norberatik hasten baita, hizkuntza menperatuz ere, erabiltzen ez duenetik.
Krisia nabaritzen da euskara arloan? Nola?
Krisia arlo gehienetan nabaritzen da eta nola ez euskararekin zerikusia duten kontuetan ere bai. Esate baterako, aurrekontu publikoetan izandako murrizketetan. Baina horren gainetik, euskara bera ez dago krisian, hizkuntza bat ez li-tzateke irizpide ekonomikoen arabera neurtu behar eta nahiz eta egia den babes ekonomikoa izanda errazagoa dela hizkuntza bat gara-tzea, hitz egin edo idaztea doan da; eta horretara jo behar dugu, euskaraz dakien jendea hizkuntza erabiltzera bultzatzera.
Hirinet-ek Gasteizko gaurkotasun informatiboa euskaraz jarraitzeko aukera zabaldu nahi du. Zein arlotan? (udala, auzoak,?)
Gasteizen gertatzen denaren berri eman nahi dugu Hirinet-en. Horretarako, kultura, gizartea eta kirola arloak jorratuko ditugu batez ere. Garrantzia emango diogu hemen bertan gertatzen denari, hiriko kontuak zein auzoetakoak ere.
Hirinet-en iritzia oso garrantzitsua izango da. Horregatik, irakurleek parte har dezakete, nola?
Batetik, astero gure kolaboratzaileen gogoetak eta hausnarketak argitaratuko ditugu iritzi artikuluen bidez. Bestetik, Sarrera On-tzia izeneko atala irakurleen atala eta ahotsa izango da, bertan eurek bidaltzen dizkiguten gauza guztiak erakutsiko baititugu, besteak beste, argazkiak, gutunak, iritziak, marrazkiak. Finean, nahi duten guztia. Horrez gain, atarian ager-tzen diren berri guztiak komenta-tzen aukera ere izango dute erabiltzaileek. Gure nahia Hirinet guztion artean sortzea eta elikatzea da eta horretarako, irakurlearen parte-hartzea ezinbestekoa zaigu.
Prentsaurrekoan kontatu zenuten etorkizunean hedabide hau kalean inprimatu egon litekeela.
Hurrengo pausua hori izatea nahiko genuke, Hirinet edizio digitaletik Hiri papereko ediziora saltoa ematea. Egia da gaur egun papereko edizioek gero eta etorkizun ilunagoa dutela edizio digitalen aurrean, baina hala ere, ezinbestekoa deritzogu proiektu komunikatibo sendo bat garatzeko kalean paperekoak ematen duen presentzia hori izatea.
GEU aldizkaria 17 urte kalean egon zen. Hedabide berri hau irekitzeko, GEU erreferente bat izan da?
Noski erreferente izan dela. 17 urtean zehar kalean izan ondoren bi urte pasatxo besterik ez da argitaratzeari utzi geniola. Beraz ezinbestean oraindik oso hurbil du elkarteak esperientzia hori. Erreferentzialtasun horretan proiektu berri hau martxan jartzerakoan GEU aldizkariaren alde positiboak berreskuratzen saiatu gara, hurbiltasuna, kolaboratzaile sarea, etab. baita izan zitzazkeen alde ez hain positiboetatik ikasten ere.
Prentsaurrekoan esan zenuten GEU aldizkaria itxi zenetik, Gasteiz euskarazko hedabideetan hankamotz geratu dela.
Araba da Hego Euskal Herrian tokian tokiko euskarazko hedabiderik ez duen lurralde bakarra eta ondorioz Gasteiz hiriburu bakarra. Horregatik diogu euskara hankamotz dagoela euskarazko hedabideei dagokionean eta berandu baino lehen erronka horri eutsi behar zaiola. Guk lehen pausua eman dugu Hirinet-ekin, ia hurrengoak emateko gai garen eta denbora epe labur batean papereko edizio bat ere eskuartean dugun.