Azpeitia. Aurtengo Kilometroetako leloari erantzunez, klik egin eta milaka lagun hurbildu ziren atzo Azpeitira. Beste urtetan ez bezala, eguraldia lagun izan zuten ikastolazaleek. Akaso, batzuen gusturako, bero gehiegi egin zuen, baina horrek ez zuen aitzaki bezala balio Azpeitiara ez joateko, eguzkiarengandik babestu eta freskatzeko leku mordoa aurki zitzaketelako zirkuituan zehar.

Aurtengo benetako aitzakia, Errealak eta Athletikek eguerdian jokatu zuten derbya izan zen. Baina horri ere irtenbidea eman zioten antolatzaileek, partidua ikusteko bi pantaila erraldoi jarri zituztelako bigarren gunean. Hori dela eta, atzokoa, Azpeitira joan, ikastolei babesa eman eta festaz gozatzeko egun paregabea izan zen. Eta hala egin zuten milaka eta milaka euskaltzaleek.

Goiz goizetik, Euskal Herri osotik etorritako autobusak ailegatzen hasi ziren Ikasberri ikastola ingurura. Ibilbidea zabaldu bezain laster, gazte, heldu eta familiak zirkuituan sartu eta bost guneak bisitatzen hasi ziren: ikastola ingurukoa, Loiolako santutegikoa, herriko enparantzakoa, Goenakoa eta Garmedipekoa.

Gehienek zirkuituaren bost kilometroak zeharkatu bazituzten ere, izan zen bigarren gunera iritsi eta bertan gelditzea erabaki zuenik. Izan ere, 11.00etan, eguneko kontzertu garrantzitsuenetariko bat hasi zen, Betagarrirena, alegia.

Talde Gasteiztarrak ordu erdi beranduago igo behar zuen taula gainera, baina derbya eguerdian hasten zela eta, antolatzaileek hitzordua aurreratzea erabaki zuten. Eta ondo egin ere, Betagarrik gazte eta nerabe mordoa elkartu eta salto eta poteka jartzea lortu zuen eta.

Oiartzundik joandako Jon, Julen, Gorka, Leire, Josu, Zigor, Aitzol eta koadrillakoak han aritu ziren dantzan eta kantari. Hamalau urteko oiartzuar hauentzat bigarren Kilometroak ziren atzokoak eta "oso pozik" ibili ziren. "Lau autobus etorri gara herritik eta parranda egiteko asmoa daukagu, DJ Abibarekin, batez ere", esan zuen Jonek.

Metro gutxitara, Cristian Donoso chiletarraren familiak harrituta begiratzen zion inguruari. "Hemen bizi gara eta lagunek abisatu ziguten zer nolako festa zen hau, baina ez genuen hainbeste jende espero", onartu zuen gizonak.

Gazteek musikarekin gozatzen zuten bitartean, txikienak kirol egokituetan jolastu, Irrien Lagunekin kantatu eta pailazoekin dibertitzeko aukera izan zuten lehenengo eta hirugarren guneetan. Horrez gain, ohi bezala, herri kirol erakustaldiak, euskal musika tradizionalaren kontzertuak, punta puntako Ken Zazpi, Lauroba eta Ze Esatek bezalako taldeen ikuskizunak eta beste hamaika hitzordu izan ziren adin eta gustu guztientzako.

Nobedade bezala, lehenengo gunean, autoan segurtasun uhala jartzeko kanpaina berezi bat egin zuten. Izan ere, Lagunak autoeskolak, jendeari ibilgailu batean sartu, uhala lotu eta bueltak emateko aukera eskaini zien, lotuta egon ez balira, zer nolako ondorioak izango lituzketen pentsarazteko. "Umeek joko bezala hartzen dute, baina kontzientziatzeko sistema ona da", adierazi zuen autoeskolako arduradun batek.

1.300 boluntario

Auzo lana festaren inguruan

Eta urtero gertatzen den moduan, batzuk parrandaz gozatzeko, besteek gogor lan egin behar izan zuten atzo. Antolatzaileek jakinarazi zutenez, 1.300 bat lagun aritu ziren boluntario lanetan. Batzuk trafikoa bideratzeari ekin zioten, besteek aldiz, txartelak saldu eta egun guztian zehar saldu ziren 26.000 ogitartekoak prestatu zituzten.

Eta beste batzuk, aldiz, zaborrak biltzen pasa zuten eguna. Beroarengandik babesteko txapela jarri eta botila eta zikinkeriak jasotzen eman zuen goiza, esaterako, Olatz Gorrotxategik. Ikasberri ikastolako guraso ohia da, baina oraindik, zentroari laguntzeko prest dago emakumea, "Lan neketsua da, baina ikastolari laguntzeko da eta merezi du", esan zuen bigarren gunean lanean ari zela.