Ondarroa. Itsaso zabalean hizkun-tzak norabide egokia jarrai dezan, zoritxarrez, euskarak badu bogalarien beharra. Tinko eutsiz lemari, ortzemugatik etorriko diren olatuetatik salbu izateko, ur bare zein zatarretan aurrera egiteko euskaltzaleak ezinbesteko dira. Atzokoan, baina, euskal kulturaren traineruak milaka eta milaka arraunlari izan zituen bidelagun, arima arrantzalea duen Ondarroan. Bizkaiko Ikastolen jaialdia handiago egin zen Artibai ibaiaren inguruan, bertaratutako 100.000 lagunek boga egin zutelako hizkuntzaren normalizazioaren alde. Euskaltzaleek kaleetan barrena ibili ziren festa egun luzearekin bate ginez, baina baita euskara ahotan gehiago izatearen aldarrikapenarekin ere.
Goizean goiz Ondarroako erdigunetik Berriaturantz doan errepidean zeuden auto-ilarak zetorren jende uholdearen seinale ziren. Ibilaldiaren 33. edizioaren inaugurazio ekitaldiari 09.30ean ekin zioten Zubi Zahar ikastolaren patioan. Aurretik zetorren egunaren 'turrune' zen. Eta ondarrutarrek bere eran egin zuten deialdia: irrintzika, kantaka eta dantzaka. Orduantxe egin zuten berba ikastolen alde lan egiten duten erakundeen arduradunek eta administrazio publikoetako ordezkariek. Ikastolen hezkuntza proiektuak Euskal Herriaren euskalduntze prozesuan iraganean izan duen, egunean duen, eta etorkizunean izango duen garrantzia ahotan izanda, ekarpen pedagogikoan egindako esfortzu luzeagatik zoriondu ziren. 44 urte dihardu, adibidez, Zubi Zahar Ikastolak euskal hiztunak hezten Ondarroan, baina beste 24 dira Bizkaiko beste eskualdeetan -eta euskaldunen portzentajea urriago duten inguruneetan- dihardutenak. Baina Hizkuntza Marko Hirueledunaren bitartez eraginkortasun maila hobeagora heltzeko "akordioak bilatzeko garaia" dela azpimarratu zuten guztiek -eta baita Isabel Celáa Hezkuntza sailburuak ere-, nahiz eta "merezitako onarpena ez duten jaso, oraindik, ikastolek". Administrazio publiko guztiek, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak zehazki, jaso behar zuten mezua izan zen azken hau. Oharra heldu zitzaien.
Baina protokolotik haratago, "urte osoan egindako lanak bukaera ezin hobea izan du" Ibilaldiak, Zubi Zahar eta Lekeitioko Resurrección María de Azkue ikastolek partekatzen zuten antolakuntzatik irizten ziotenez. Lankidetzan hartutako erronkari erantzun aproposa ematen jakin zuten ikastola biek, bat eginda Lea Artibaiko euskararen aldeko lanetan. "Ondarroan euskarari eta ikastolen proiektuari bultzada emateko asmoz" orain hamabi hilabete hasitako bidaiak helmuga paregabea izan zuen atzo. Jendetsua, ekimenez betea, garrantzizko ezbeharrik gabekoa eta jai giro alaian. Baina zirkuituaren irekierarako momentu hunkigarrienak gorde zituzten Zubi Zaharrekoek. Imanol Oruemazaga irakasle ohiak eta Oihane Saizar ikasleak ikastola guztiaren izenean zinta ebaki eta lehen metroak bete zituzten agintari, arduradun eta bertaratu ziren ondarrutar guztiek, Allerirako norabidean. Ostean artisautzan dabiltza hainbat elkarte eta norbanako ere omendu zituzten portuko Kalare Deuna Kofradiako bentalekuan.
Ordutik aurrera atsedenik gabeko ordu askoko jaiaren txanda izan zen. "Giroa ezin hobea izan da egun guztian zehar, eta antolatutako ekintza guztiak egin dira. Bazter guztietan zer ikusi, zer entzun eta zertaz gozatzeko aukera egon da", azaldu zuten antolakuntza taldetik, "pozik" izandako jendetza andanarekin. Horregatik ez zen harri-tzekoa izan atzoko Ibilaldia "arrakastatsutzat" definitzea. "Aho-betez esan dezakegu gure aurreikuspenak gainditu egin direla eta elkarrekin boga egin dugula", azaldu zuten. Bada, goiz partean asko izan ziren autobusen esperoan Markinan, Mutrikun edota Lekeition luzaro izan zirenak.