bidai guztiek behar dute amaiera noizbait. Bizipen aberats eta pozgarriak eragindakoa bada ibilera pena ematen du bukatzeak. Horrelakoetan ere, alabaina, amaiera behar du bidaiak inoiz. Ibilbidea bukatu eta gerora, beren lekua hartzen dute oroimenean gomutek. Pausatu egiten dira bertan, jalkitzen; sagardoa zelan, kupelan lehen eta botilan geroxeago. Horrek ematen dio ardoari nortasuna eta gustua, bai eta 'biajeei' bazter seinalatua memorian ere.

Bada, azken txanpan sartu da Korrika 17 dagoeneko. Urrun geratzen da Trebiñuko hasierako eguna; asago ere 'euskalakari' berba erabiliz AEK-ko langileek asmatutako koruekin ohitzea. Hamaika egun izan dira guztira -7tik 17ra, biak barne-, hamaika bisitako esperientziak ere. Hamar gehi bat koloretako Euskal Herria zabaldu du, lau haizetara, euskararen aldeko tropelak. Bizkaiko mutur sartaldekoen herritik hasi eta Zuberoako bazter sortaldekoenera helduz. Nafarroa Garaiko ertz hegoaldekoenetik abiatuz Nafarroa Behereko ipar-iparreko mugara ailegatuz. Herri bat hezurmamitu gura duen hizkuntzak, euskarak, gaur beteko du bere hamazazpigarren bidaia. Gomutan gordetzeko moduko bidaldia, euskalakariena.

Itsaslabarra segituz Gaur beteko ditu lasterketak azken kilometroak, sinbolikoak nonbait eta emozio bereziarekin biziko direnak, beti lez. Atzoko egunari ondoetorria, baina, Arratia, Durangaldea eta Txorierritik eman bazitzaion ere, itsasbazterrak markatu zuen, egunaren parte handi batean behintzat, jarraitu beharreko norabidea. Uribe Kosta, Busturialdea eta Lea-Artibaigo herriek kresalaz zipriztindu zuten lasterketa.

Erandio izan zen, goizeko 8.00ak pasata, eguneko irudi deigarrienetakoa eskaintzeko prest zegoen herria. Txirrindularien martxa zen ospatzekoa Korrika pasatu behar zen une berean, eta 700 bizikletak gehitu gura izan zituzten tropelera. Hura izan behar zen galdu ezinezko irudia! Korrikak, baina, atzerapen apur batekin egiten zuen aurrera eta, azkenean, txirrindulariak, oinezkoekin batera lasterkatu beharrean, aurretik abiatu ziren. Bidea zabalduz, zelanbait.

Bete beharreko ordutegiari so, txirrindulariek Korrikari ondo egin ziotela esan daiteke. Oso erritmo onean egin zuen aurrera karrerak Leioa, Romo eta Getxon barna. Algortako euskaltzaleek lehentasuna eman zioten Korrika 17n parte hartzeari, bariku gaueko farra leunduz. Horrela, mila lagunetik gorako koadrilak ibili zituen auzoko kaleak, gora eta behera, gora eta behera, banderak airean eta euskara mingainean dantzatuz. Lagun kopuruak, baina, ez zuen behera egin zangoak Berangora iritsita. Ez eta gutxiago ere. Euskalakarien olatuak indarra hartzen jarraitu zuen, harik eta Sopelan tsunamiek zelan, errepideetako asfaltoa desagerrarazi zuen arte. Eskualdeko ume eta gazteen uholdeak kaleko grisa peto eta pankarten kolore biziengandik aldatu zuen, behin behinekoz. Urduliz, Plentzia, Barrika, Gorliz, Lemoiz… euskalakariek bazuten non bainu hartu, euskararen aldeko apustua erakutsi eta gero. Eguzkiak erruz jotzen zuen, eta Sollube bezalako portuek ez zuten tenperatura jaisteko balio. Baina Busturialde horretakoek ere bazuten esfortzualdi osterako domina gazi eta kresaltsua. Bereziki, bakioztarrek. Izatez, aurten Korrik bertatik igaro ez eta Bermeo aurreko mendate gogorra menperatzea erabaki zuten. Antolatzaileek, esker onez, txalotu, animatu eta, zintzo, agindu zieten: "Hurrengo ediziorako bertatik pasatzea pentsatuko dugu; merezi duzue!". Esperantzarekin utzi zuten lasterketa bakioztarrek, lekua utziz Bermeo, Mundaka, Gernika eta Lea-Artibaigo euskalakariei. Bizkaiko mugak, Ondarroak, zehaztu zuen ere egunen arteko frontera. Gaur, egun osoa, Gipuzkoan emango baitu Korrika 17k. Mezu sekretua noiz irakurri ahal zain.