Gasteiz. LAUA da Gasteiz, aldaparik bakoa. Bosta ere bada, baina. Iruñea, Baiona, Donibane Garazi eta Mauleren ostean, Korrika 17k bisitatzen duen Euskal Herriko bosgarren hiriburua izan baita Arabako kapitala; eta seietan eman zion ongi etorria euskalakarien tropelari. Eta ez edozelan, ezta gutxiago ere. Euskaltzaleen uholdeak bat egiten zuen ortzemugarekin, urrunean galduta. “Zoragarria da hau, ederra!”, zioen antolatzaileetako batek. Sentimendu bera bihotzean, emozioak kontrolatu ezinik, megafonia zeraman gidariak negar egiteari ezin izan zion utzi kilometroak aurrera egin ahala. Zinez, oilo-ipurdia jartzeko moduko hotzikarak zeharkatzen zaitu horrelakoak ikusita. “Eskerrik asko, Gasteiz” baino ezin ahoskatuz.
Ez zen zorizkoa izan, gainera, Korrika Gasteizera ostegun arrats-iluntzean ailegatu izana. Jon Arretxeren eleberri ezagunenetarikoa den Ostegunak ez baitzen gertatzen zenaren kronika baino. Ikasle hiri honek beti ospatu izan ditu eguen amaierak eta, horiei, euskararen aldeko aldarri sustraitu eta benetan sentitua gehitzea badauka garrantzirik. Gasteizen ere, euskararen alde. Dudarik al zegoen?
Hiru herrialde 24 orduan Atzokoa orain arteko jardunaldi mugalariena izan zen Korrikarentzat. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako herri eta hiriak ezagutu zituen euskalakarien martxak. Markina-Xemein, Ermua, Elorrio eta Durangaldea izan ziren, besteak beste, korrikalariek Euskal Herriko mendebaldean zeharkatu zituzten herriak. Ordu txikietan aritu ziren horietan, ttipi-ttapa eta txor-txor, Bizkaiko lehenbiziko euskalakariak. Errimak izan zituen protagonista ilargipeko aldarrikapenak, Igor Elortza eta Eneko Abarkasen parte hartzeari esker. Durango eta Iurretan bota zituzten bat-batekoak, furgonetatik bertatik, hurrenez hurren. Giroa zoragarria izan zen gau partean. Eguraldia lagun, eguratsak ipurtargiz betetako maindire beltza zirudien, ilargiak euskaldunak jagoten zituen bitartean. Jende aldra bildu zen euskaraz bizi gura duen tropelera eta, Gipuzkoara berriz ere itzulita, Angiozarreko hiru gaztek goiti-beheran bidaiatu zuten mezu sekretua.
Denbora galdu beharra Eguerdia jotzear zela, “Houston, ¡tenemos un problema!” bota zuen olgetan Info Zazpiko esatari batek, zuzeneko emanaldian. Korrika Arrasaten sartzekoa zela, zaila zen zehaztea zenbat oñatiar ziren Mondrara bidean.
Aldarte bikainean eman zioten Oñatiko euskaldunek ongi etorria Korrika 17ri. Irudia ederra izan zen: ikastolako umeak, enpresa eta fabriketako langileak, elkarteko kideak, gurasoak… Ziztu bizian hartu zuten lekukoa herriko lagunek. Hain bizi ezen, herriko kanpoaldean, lau buelta eman behar izan zituzten euskalakariek biribilgune batean; denbora galdu behar zen zelanbait. Eta horrekin batera, “apatT-ipitT, akirroK!” oihu egitera ere behartu zituzten arduradunek. Alegia, eta umore ona alderatu ezinik, atzerantz lasterkatu zituzten zenbait metro euskalakariek. Zeinek esango lukeen baina, denbora galdu beharra zegoen!