GASTEIZ. Pasa den larunbatean, azaroak 13, hasiera eman zitzaien Gasteizko Artium museoan antolatutako Arabako euskaldunen elkarguneei buruzko topaketei. Topaketa hauek Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak lankidetzan antolatu dituzte.

Topaketen helburuak Arabako euskaldunon elkarguneen gainean gogoeta egiteko gunea eskaini, elkar ezagutzeko aukera sortu, esperientzia eta iritzi trukerako foroa ahalbideratu, Arabako aukera eta erronka berriak baloratu, auzolanearako aukera eta beharra azalerazi eta herritarren funtzio nahiz protagonismoa aldarrika-tzea dira.

"Guretzat, une honetan garran- tzitsuena da, ikustaraztea Araba osoan, kuadrila guztietan, badirela tokian tokiko errealitatetik abiatuta, haien herri, eskualde edo auzoan euskararen erabilera zabaltzeko lanean ari diren elkarte edo taldeak. Baina, guraso elkarte, kultur talde, aisialdi elkarte, hedabide, erakunde publiko, euskaltegi… guztien ekarpena garantzi handikoa da eta denon arteko auzolana ezinbestekoa", esan du Manuel Morenok, Topaguneko kultur saileko arduraduna.

Horren harira, euskararen erabilera sozialean lehentasunezkoak diren hiru arlo aztertu nahi dira: kultur jarduerak, mintzapraktika egitasmoak eta haur eta gazteen aisialdia. Morenoren esanetan, "hiru arlo horien garrantzia eta horietan eragiteko herritarrek duten funtzioa nabarmendu nahi genuke". Jendea ilusionatu eta harremanetan sare euskaldunak eraiki eta indartzea posible dela ikustaraztea da topaketa hauen helburua. "Milaka euskaldun gara Araban baina oso sakabanatuta bizi gara, askotan elkarren berri izan gabe, eta elkarteek antolatutako egitasmoen inguruan osatzen da hiztun komunitatea", gaineratu du.

Azken topaketa bihar izango da, goizeko 10.00etatik eguerdiko 14.00ak bitartean. Goizaren lehen atalean, haur eta gaztetxoen aisialdiaz arituko dira Sonia Perez eta Nagore Amondarainek. Jarraian, eremu horretako Arabako esperientziak ezagutuko ditugu. Atsedenaldiaren ostean, Iñaki Arruti eta Iñaki Martinez de Lunak, "Sentitu eta egin. Nahia eta ekimena" azalpenean euskaldun kontziente eta motibatuen elkarguneen funtzio eta garrantziaz hitz egingo dute.

"Araban badago hainbat talde euskararen alde lan egiten dutenak baina orain arte, ia denak euren kasa ibili dira, bakoitza bere dinamikan murgilduta, ia elkarren berri izan gabe. Era horretan egindako lana ona eta balekoa izan da, dudarik gabe, baina bada garaia egindakoari pentsatu bat eman diezaiogun", esan du Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak.

Ez da ahaztu behar gaur egun, lau arabarretik bat euskaraz hitz egin eta ulertzeko gai dela. Proportzio hori, gainera, ia hirukoiztu egiten da 25 urtetik beherakoen artean. Martinez de Lunaren esanetan, "Euskara mailan Arabako egoera itxaropentsua da. Izan ere 25 urteko epean, 1981etik 2006ra bitartean, Arabako euskaldunen proportzioa %4tik %25era pasa da". Hala ere, askoz ere gutxiago dira euskara eguneroko bizitzan, normaltasunez erabiltzen dutenak, horregatik "euskara biziberritzeko lana izugarria da oraindik". "Unea iritsi da antolamendu zabalago eta koordinatuago bat osatzeari ekiteko, horrela eginez gero, euskarak etorkizun oparoa izango du Araban; batzuek uste baino lehenago, gainera. Norabide horretan topaketa hauek pausotxo bat baino ez dira, baina eman beharreko pausoa, hala ere", gaineratu du Martinez de Lunak.

Euskararen erabileraren alde zerbait egin nahi dutenek badute nondik eragin eta non elkartu antzeko helburuak dituztenekin. Beraz, burutuko den azken topaketan parte hartzeko deialdia luzatzen dugu.