Ilusioz eta gogoz. Horrela iritsi da gaur Olarizun ospatuko den Araba Euskaraz-en edizio berria- Gogoz, baina baita Argantzungo ikastetxea bere herrira hurbiltzeko eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz ere.

Bueltatu da Araba Euskaraz!

Aurten eta koronabirusaren pandemiak eragindako murrizketarik gabeko edizio berezi honetan, Olarizuko zelaiek hartuko dute Araba Euskaraz-en edizio berria. Gainera, berrikuntza gisa, Arabako ikastola guztiek elkarrekin antolatu dute jaia, lehen aldiz, eta datorren urteko jaia ere denek batera antolatuko dute. Bildutako irabaziak Argantzun ikastolarentzat izango dira. Izan ere, aurten Argantzun Ikastolak protagonismo berezia izan du. Igone Zubizarreta zuzendariak DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkarian azaldu duenez, haientzat oso garrantzitsua da ikastetxe hori ezagutaraztea eta gizarteari Arabakoa dela esatea. “Guretzat oso garrantzitsua da Argantzun ikastola eta gure proiektua ikusaraztea. Gure ikastola txikia da eta beste ikastola txikiei gertatuko zaien bezala ezinbestekoa da gurea ezagutaraztea. Ikastola txikiak bereziak dira eta, ondorioz, ezaugarri bereziak dituzte. Baina ikastola txikiek haien artean ezberdinak izan arren, antzekotasun asko dituzte ere”, azpimarratzen du. Hala, azaldu bezala, bildutako dirua Trebiñuko Argantzun Ikastolaren hezkuntza proiektuari egonkortasuna emateko bideratuko dute. Izan ere, duela urte batzuk, “gure ikastola handitzeko apustua egin genuen eta hori posible izateko, hala beharrez, Araba ofizialera hanka bat atera behar izan genuen, hain zuzen ere, Sagastietara. Urteetan borrokan egon arren ez dugu aukerarik izan Trebiñun diru-laguntzarik jasotzeko eta bertan (Sagastietan) eraikin berri bat eraikitzeko finantziazioa lortzea dugu helburu, 2023-2024 ikasturtean ireki nahi dena”, erantsi du.

Bueltatu da Araba Euskaraz!

Helburu horiekin, gaur Gasteizera itzuli da jaia; gogor itzuli da. Duela bi urte, Araba Euskaraz ekitaldia bertan behera utzi behar izan zen, koronabirusaren pandemia zela eta. Orduan kultur ekitaldi guztiak bertan behera utzi ziren. Iaz, ordea, beste edizio bat egin zen Laudion. Ilusioz bete zuten, baina ziurgabetasun handiz, ez zekiten azken unean baliogabetu egingo zuten ala ez. Azkenean, edizioa egin ahal izan zen, baina birusaren hedapena geldiarazteko murrizketa askorekin. Aurten normaltasunez itzuli da. Murrizketarik gabe. Eta gogotsu, Araban euskararen erabilera babesten eta indartzen jarraitzeko.

Bueltatu da Araba Euskaraz!

Ikastolen Jaiek badituzte orokorrean helburu finko batzuk: Euskara eta euskal kulturaren sustapena; euskararen erabilera eredu ez formalera eramatea,hau da, euskara gazteen aisia eta astialdiko guneetan hitz egin dadin bultzatzea, haiek pixkanaka ohiturak aldatzen joan daitezen eta ikastola komunitatearen zabalkundea eta gizartearekiko dugun konpromezua zabaltzea.

Hala ere, aurten, helburu horiez gain, ilusio eta apustu berriak daude festa berezi honetan. “Eta aurtengo Araba Euskarazek baditu bai hainbat helburu, baina honako hau da helburu nagusiena: gure lurraldean, Araban, euskara eta euskal kultura bultzatzen jarraitu ahal izateko baliabideak lortzea. Eta zabalkunde hori burutu ahal izateko ezinbestekoa da Trebiñuko Argantzun Ikastolaren hezkuntza proiektuari egonkortasuna bermatzea ere. Eta horretara bideratuko ditugu jai honetan jasotako ekarpenak”, azaltzen du Igone Zubizarretak. Ildo beretik, nabarmentzekoa da jai hau Ikastolen Elkarteak antolatzen duela. Alde horretatik, Roberto Gonzalezek, Araba Euskaraz-en koordinatzaileak azaldu du topaketa oso garrantzitsua dela euskararentzat, ez dela jai bat soilik euskarari bultzada bat ematea baizik. “Araba Euskaraz, Arabako Ikastolen jaia izateaz gain, Arabako eta Euskal Herriko euskaltzale askoren topagunea izaten da. Baina ez bakarrik egunean antolatuko ekintzetan, urtean zehar egin ditugun jardueretan ere bai. Arabako herri desberdinetan jende asko elkartu izan gara, gure lurraldean, gure hizkuntzari bultzada emateko. Horrek indar eta balio handia dauka”, azpimarratu du egunkari honetan. “Araba Euskaraz antolatzea lan polita da, erronka ederra. Auzolanean lan egiten denean, emaitza onak lortzen dira, dauden zailtasunak erraz konpontzen dira. Gauza asko lotu behar dira eta lan handia eskatzen du horrek, baina ohituta gaude, eta indartsu eta gogotsu dihardugu horretan”, gaineratu du.

Logoa eta leloa

Olarizura itzuliko da Araba Euskaraz, eta 1981eko ekitaldirako Nestor Basterretxeari enkargatu eta hark eginiko leloa eta logotipoa oinarri hartuta, landu dira 2022ko ekitaldirako leloa eta logotipoa. Nestor Basterretxeak sortutako logotipoan ageri den haritz hostoaren ildotik, zuhaitz desberdinen hostoak (haritzarena barne) erabili dira, ikastolen aniztasuna islatzeko, eta, era berean, lurraldearen basoen, naturaren, aniztasuna ere. Araba, zazpi talde, bat euskararen alde izan zen orduko leloa. Arabako zazpi kuadrillei egiten zien erreferentzia. 2022koa, berriz, Zortzigarren alaba da. Gorka Knörr-en Araba abestiaren ildotik, zortziak erreferentzia egiten die Arabako zortzi ikastolei, Arabako zortzi kuadrillei (zazpi ofizialak + Trebiñu), batasunaren erreferentziari (zortziak bat), eta Trebiñuri (bera da zortzigarren alaba).

Hala, gaur, Arabak beste urrats bat eman du euskararen erabileran eta ezagutzen ez duten arabarrek euskara ikasteko lehen urratsa eman dezaten. Izan ere, barometroen azken datuen arabera, arabarren % 50ek daki euskaraz. Hala ere, portzentajea nabarmen jaisten da erabilerari dagokionez. Hau da, euskaraz dakiten guztiek ez dute hitz egiten eguneroko bizitzan Araban. Zaila da jakitea zergatik ez den euskara egunero erabiltzen. Familietan huts egiten du, baina baita aisialdian ere. Horregatik, gaur bezalako festek euskara aisiara eramaten dute, bai familiei, bai gazteei. “Zaila da jakitea, baina, arabaren kasuan, behar bada, ohitura falta alde batetık eta euskaldunak identifikatzeko zailtasuna bestetik, izan daitezke faktoreetako batzuk. Eta horiei lan mundua eta aisialdi eskaintza oso erdaldunak direla erantsi behar zaie. Horregatik garrantzitsuak dira euskaraz aritzeko espazioak zabaltzea, eta hori da egiten duguna guk antolatutako ekintzen bitartez edota Euskaraldiaren ariketa sozialek ere hori bultzatzen dute”, azaltzen du Araba Euskaraz-en koordinatzaileak. “Ohiturak ez dira egun batetik bestera aldatzen, eta euskara hizkuntza gutxitua da eta egoera diglosikoan dago, hau da, hizkuntza hegemoniko bi ditu gainetik, gaztelania eta frantsesa. Ikastoletatik jarraitu beharko dugu lanean eta eragiten”, erantsi egiten du. Urtean jai desberdinak. Arabako ikastetxeetan. Aisialdian. Familien artean. Baina denak helburu berarekin. Euskara bultzatzen jarraitzea, gazteek pixkanaka ohiturak alda ditzaten eta aisialdian hizkuntza horretaz goza dezaten. Araba Euskarazen eguna heldu da.