Aurtengo Araba Euskaraz jaia oso berezia izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo nobedadeek mimoz egindako festa bihurtu dute edizio hau. “Guztia ilusio handiz egin dugu, bi urtez Araba Euskaraz guk nahiko genukeen moduan antolatu ezinik aritu eta gero, indarberrituta gatoz Arabako ikastolen egun handi eta berezi honekin. Famila eta lagunarte giroan ospatzeko jaia izatea nahi dugu, euskara belarrietan eta ahoan dugula ospatu nahi dugu, euskal kulturari eta euskarari eskaini nahi diegu Gasteizko txoko eder eta paregabe hau”.

Egunari berari dagokionez, herritarrek 10:00etan hasiko dira Araba Euskaraz ospatzen. Olarizuko Etxaldean egingo dira Hasiera eta Omenaldi ekitaldiak. Ordutik aurrera, Olarizu parkean prestatu duten hiru guneetan egun osoko egitaraua prestatu dute. 11:00etan hasiko dira, eta 19:00ak bitarte askotariko ikuskizunak egongo dira hiru gune horietan.

Haritza gunean, Arte eszenikoak egongo dira Armentia ikastolaren eskutik, Ene Kantak ikuskizuna, Perli eta Koxkoloren Bidaia liluragarria, Zunba eta Zortzi alaba kantari abestiaren koreografia eta Goazen!-en emanaldia. Gune horretan, Eroskiren elikadura eskola, Euskaltelen txirrindularitza pista eta puzgarriak ere egongo dira.

Pagoa gunean, berriz, Euskal Dantzen Topaketa izango da, Algara dantza plaza, Erabatera taldearen emanaldia, Alea-ren Patata minak antzezlana eta Kai Nakairen emanaldia. Goizean DBH eta LHko ikasleentzako Erronka eta Haurren Basoa ere bertan izango dira, eta egun osoan zehar tonbola, Araba Euskaraz denda, Puntu Morea bertan kokatuta egongo dira, eta paella ere eskainiko da.

Ametza gunean, azkenik, bertso saioa izango da eta talde hauen kontzertuak: Intxixu, Keu Agirretxea, Sukasuan eta Oxabi. Elikagaien taupadak ikuskizunaren bost emanaldi ere izango dira gune horretako Kaiku agertokian, eta Eusko Label gunea erebertan kokatuko da, atun pintxoekin. Gunez-gune ibiliko dira, berriz, Aldats elektro-txaranga, Gasteiz Kantuz eta Kidam magoa. Aipatu nahi dugu, halaber, Arabako Herri Arteko Pilota Txapelketaren finala, Araba Euskarazen baitan jokatuko dela, 10:30ean, Adurtzako pilotalekuan.

“Egitarauan aipatu dugu Hasiera Ekitaldiarekin eta Omenaldiarekin abiatuko dugula Araba Euskaraz. Omenaldiari dagokionez, aurten auzolana eta elkarlana azpimarratu nahi ditugu, horiek baitira Araba Euskaraz eta ikastolen jaiak aurrera eramateko ezaugarri nagusiak. Urte hauetan guztietan antolatu ditugun jaietan ikastola bakoitzeko komunitatetik lan aipagarria egin duten pertsona bana omenduko ditugu, eta horiekin batera, urte pilo batean Araba Euskaraz antolatzeko koordinazio lanetan aritu den, eta egun erretreta hartua duen Anjel Olalde ere omenduko dugu”, ondorioztatu dute Ikastolen Elkartetik.