Unai Martin Sukasuan taldeko kidea da eta Araba Euskaraz programaren edizio honetan entzungo den abestia konposatu eta bideoklipa egiteko arduradunetako bat. Zortzi alaba dantzari da abestiaren izena. Abesti honekin Araba Euskaraz programaren 40. urteurrena ospatuko da. Leloa Trebiñori (Arabako zortzigarren koadrila) eta Argantzun ikastolari (Arabako zortzigarren ikastola) egiten die erreferentzia. Ildo horretatik, Unaik dio oso atsegina izan dela abesti honetan lan egitea, bai nola egin duten, bai taldearen koordinazioaren eta ikusleen erantzunagatik. “Gustora egon gara lanean, batera eta modu efizientean. Konposatzerako orduan zaila izaten da iritzi asko topo egiten dutenean, baina Sukasuanen prozesu honetan rolak banandu eta bakoi-tzak ederki betetzen du”.

Nola sortu zitzaizun abesti hau egiteko ideia garatzeko?

Sortzen hasi baino lehen hainbat erreferentzia izan nahi genituen, horretarako beste urte batzuetako abestiak arreta handiz entzun genituen; gure nerabezaroa markatu duten abesti batzuk daude horien artean. Entzumen aktibo horrek abestiaren estiloa gehiago zehazteko lagundu zuen. Behin ideia orokor bat buruan genuela, sorkuntza prozesua erraza suertatu zitzaigun erabakiak era natural batean hartu genituelako: hasteko Manex Agirreren hitzak jaso genituen, gero buruan genuen musika instrumentuetara eraman genuen eta amai-tzeko, abestiak forma zuenean, Duplakoekin bildu ginen azkenengo ukituak emateko.

Zenbat denbora eman duzue horretan lanean?

Denbora dezente, baina zaila da zehaztea. Egin behar genuenetik eta Araba Euskarazeko antolakun-tzarekin lehenengo bilera izan genuenetik hasi ginen lanean, nahiz eta instrumentuak zuzenean ez hartu. Abestia aurkezteko denbora geratzen zenean nahiko aurreratuta genuen jada, baina hasiera batetik horrela izatea nahi genuen prozesuaz patxadaz disfrutatu ahal izateko, eta horrela egin genuen.

Zer musika-estilo nahi zenuen?

Sorkuntza prozesuari trabak ez ipintzeko eta musikaren mesedetan ez genuen musika-estilorik zehaztu, hasiera batean horrek suposatu dezakeen mugapena saihesteko. Jakina denez, Sukasuanen soinuak estilo jakin bat du, gehienetan, trikititixak zehaztutakoa, baina hala ere edozein estilora hurbiltzeko prest geunden. Behar bada, musika-estiloa zehaztu beharrean, zer transmititu nahi genuen zehaztu genuen, eta horrek bai, musikarekin lotutako hainbat erabaki ekarri zituen.

Zer izan zen zailena?

Abestia eraikita genuenean eta bertsio finala izan zezakeena lortu eta gero, beste hainbat aldaketa egitea abestiaren osotasuna hobe-tzeko eta estruktura hobeto fun-tzionatzeko. Hala ere, aipagarria da Xabier Zeberio musikagilea gure entsegu-lokalera hurbildu zela azkenengo ukitu horiekin laguntzeko eta Sukasuan taldetik keinua asko eskertzen diogula.

Eta politena?

Prozesu osoa izan da oso polita, baina zerbait bereiztekotan, Sukasuanen taldekideok Elkar Estudioetako grabazioa goraipatuko genuke. Oso polita izan zen aurreko hilabeteetako lana gauza-tzea eta ziklo horri Elkar Estudioak bezalako leku berezi batean itxiera ematea. Zentzu honetan Victor Sanchez teknikariaren jarrera eskertu nahiko genuke baita ere, bere prestutasuna lagungarria izan baitzen grabazioarekin hainbeste disfrutatzeko.

Nola egin duzue lan taldean?

Gustora, batera eta modu efizientean. Konposatzerako orduan zaila izaten da iritzi asko topo egiten dutenean, baina Sukasuanen prozesu honetan rolak banandu eta bakoitzak ederki betetzen du bere lanarekin.

Espero zenuen arrakasta dauka?

Bai, harrera ona izan du. Orokorrean erantzuna ona izan da, baina guretzat, gure inguruko eta hurbilekoen erantzuna izan da garrantzitsuena. Izan ere, gure inguruko askok Sukasuan hasieratik ezagutzen dute eta gehiengoek salto kualitatibo handia ikusi dute Zortzi Alaba Dantzari abestian; asko eskertzen da inguruko jendeak esfortsua baloratzen duenean. Beste zentzu batean, ekainak 19an Araba Euskaraz ospatuko denez, abestia bertan entzuteko eta jendea dantzatzen ikusteko irrikitan gaude. Bertan jendea dantzatzen ikusten baldin badugu ontzat emango dugu abestiaren arrakasta.

Nola definitzen duzu abesti hori?

Zaila da abesti bat definitzea, are gutxiago esaldi batean. Prozesu osoan zehar bizitako experientziak eta kontzertuetan abestia jotzen dugun bakoitzean sentitzen dugun pozak definitzen du abestia.