Bigarren urtez jarraian, Osakidetzak bronkiolitis larria izateko arrisku handiena duten haurrei txertoa jarriko die. Kanpaina datorren astelehenean hasiko da eta ospitaleratzeak % 50 baino gehiago murriztea du helburu. Horregatik, garrantzitsua da familiek arreta ematea Osasun Sailak eta Osakidetzak haien seme-alabak immunizatzeko egiten duten gonbidapenari, urtero 6.000 haurtxo baino gehiagori eragiten dien arnas-gaixotasunaren aurrean.
Zehazki, kanpaina honen xede-populazioa LAU taldetan banatuta dago:
- Haur jaioberriak. Aldi osoan jarriko diete txertoa (udazkenean eta neguan).
- Uztailaren 1etik irailaren 15era bitartean jaiotako haurtxoak. Hasieran jarriko diete txertoa (irailaren 16tik urriaren erdialdera arte).
- 35 aste baino gutxiagoko haurdunaldiaren ondoren jaiotako goiztiarrak bizitzako lehen urtean.
- 2 urtetik beherako haurtxoak, arnasketako, bihotzeko eta/edo neurologiako gaixotasunen bat dutenak.
Bronkiolitis akutua arnas-infekzioa da, eta batez ere bi urtetik beherako haurrei eragiten die. Hasieran katarroaren antzeko sintomekin agertzen da, hala nola mukiak, eztula edo sukarra, eta egun batzuen buruan beste sintoma batzuk ager daitezke, hala nola arnasa hartzeko zailtasunak, txistuak edo nekea, elikaduran eragina duena.
Normalean, bronkiolitis akutua urritik martxora bitartean agertzen da gure inguruan, eta azarotik abendura bitarte izaten da intzidentziarik handiena. Kasu gehienetan bronkiolitis akutua larria izango ez bada ere, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako eta Larrialdietako Zerbitzuetako kontsultetan 6.000 kasu inguru artatzen dira urtero, eta 500 haur inguru ospitaleratzen dituzte, horietako % 20 zainketa intentsiboetan. Ospitaleratutakoen bi herenek 6 hilabete baino gutxiago dituzte eta % 50ek 3 hilabete baino gutxiago.
Iaztik, kolektibo hori immunizatzen da antigorputz monoklonal baten dosi bakar bat emanez (Nirsevimab); antigorputz horrek gutxienez 5 hilabeteko babesa ematen du, gaixotasunari aurrea hartuz eta batez ere sintoma larriagoak saihestuz. Gure inguruan orain arte egindako azterketek eraginkortasun handia erakusten dute, eta, hain zuzen ere, eraginkortasun horrek ospitaleratzeen kopuru orokorra erdira murrizten lagunduko duela espero da.
Gainera, Osakidetzak kutsatzeak prebenitzeko neurriak zorrozten jarraitzea gomendatzen du. Neurri horiek gripea eta COVID-19a bezalako beste arnas-birus batzuen transmisioa saihesteko erabiltzen diren berberak dira. Hori dela eta, eskuak maiz garbitzea, leku itxi jendetsuak partekatzen saihestea, barrualdeak aireztatzea, haurra gaixo dagoenean haurtzaindegira edo eskolara ez eramatea, edo arnas-sintomatologia (katarroak, eztula edo sudurreko mukositatea) duten pertsonek jaioberriak bisitatzen saihestea garrantzitsuak dira kutsatzeak ekiditeko.
Gaur egun, birus batek —arnas-birus sintzitialak (ABS)— sortutako gaixotasuna denez, ez dago gaixotasun hori tratatzeko medikazio eraginkorrik, baina eskura daude praktika klinikoko gidak, diagnostikoari eta tratamenduari buruzko gomendio estandarizatuekin. Ildo horretan, Osakidetzako zentro guztiek, bai Lehen Mailako Arretakoek, bai ospitaleek, bronkiolitisa duen adingabe batekin egin beharreko jarduketak biltzen dituen ibilbide asistentzial bat dute finkatuta, hasiera-hasieratik asistentzia homogeneoa bermatzeko. Gainera, Osakidetzak gaixotasunari eta honi aurre egiteko moduari buruzko informazioa ematen die familiei, idatzizko eta ikus-entzunezko materialaren bidez. Ibilbide asistentzial horren garapenari esker, bronkiolitis akutua tratatzeko behar ez diren farmakoen erabilera % 85 baino gehiago murriztu da.