Diario Noticias de Álava

Bertsoaren formatu berriak

'Plaza' eta 'Bidaiak' ekimenak abiatu ditu Bertsozale elkarteak, osasun larrialdiaren ondorioei bide emateko 'online' saioak. Bertsolariek jendearen gertutasuna nabaritu dute, baina aitortu dute uste baino lasaiago egon direla

23.05.2020 | 18:22
Bertsoa.eus atarian daude ikusgai 'Plaza' eta 'Bidaiak' bertso ekimenak.

KOLPETIK eten du bertso plaza osasun krisiak. Kultur arloko beste diziplina batzuen eran, bertan behera gelditu dira zenbait saio, eta horrek eragina izan du bertsolariengan. Kezkatuta, aukerak jarri ditu mahai gainean Bertsozale elkarteak. Mundu birtualera egin du jauzi, eta bi ekimen abiatu ditu: Plaza eta Bidaiak. Ezohiko bertso plaza batean abesteko aukera dute bertsolariek, publikorik gabeko batean. Bertsolaria, gai jartzailea eta kamerak, ez besterik. Esperimentazioan ere murgilduko dira.


Ekimenen antolatzaileetako bat eta Bertsozale elkarteko kidea da Oier Iurramendi. Adierazi du konfinamendua ezartzearekin batera elkartean kezka gailendu zela, etenarekin bertan behera gelditu baitzen bertsolari zenbaiten ogibidea. Hain zuzen, martxoaz geroztik 480 bertso saio inguru suspendituta edo atzeratuta gelditu direla ohartarazi du elkarteak. Baliabideak bazituztela ohartu ziren, ordea. Egoerari aurre eginez, bertsolariei eta antolatzaileei plazak eskaintzeko hautua egin zuten, batetik. Betiko plazetatik atera, eta esperimentazioari bide emateko erabakia ere hartu zuten, bestetik.


PLAZA, INTERNET BIDEZ Jada antolatuta zeuden saioetako arduradunekin harremanetan jarri zen elkartea, Lanku zerbitzuaren bidez. "Antolatzaileekin hitz egin genuen, eta galdetu genien ea animatzen ziren antolatuta zituzten saioei eustera eta genituen baliabideetan egitera", azaldu du Iurramendik. Historikoki urtero antolatu izan diren saioetako arduradunekin ere jarri ziren harremanetan, eta aukera berbera proposatu. Hala egin dute, Villabonako (Gipuzkoa) Subijana etxean grabatzen dituzte saio horiek, eta Bertsoa.eus medioaren bitartez emititu.

Saioetan aritu diren bertsolariek azaldu dute osagai garrantzitsu bat falta dela: entzulea aurrean izatea. Onintza Enbeita lehen saioetako batean aritu zen: "Zaila da azaltzea zer sentitu nuen: batetik, uste nuena baino hobeto egon nintzen, lasaiago; bestetik, publikoaren feedbackaren hutsunea nabaritu nuen". Gaineratu du segurtasun distantziak mantendu behar zirela, eta bertso-kidearekin ia-ia begiradaren bidez ulertu behar zela. Txaber Altube bertsolariak ere Plaza saioan hartu zuen parte, eta esperientzia "arraro" gisa izendatu du bizitakoa.

BIDAIAK, LEKUTIK MUGITU GABE Gai bat oinarri hartu, eta bertsolariek eta gai jartzaileek bidaia esperimental bati ekiten diote Bidaiak ekimenean. Amets Arzallus eta Alaia Martin aritu ziren lehen saioan, Andoni Egañaren gidaritzapean. Haurtzaroa izan zen gaia, eta Iurramendik azaldu du ariketa "berritzaileak eta bereziak" erabili zituztela. Buruari bira, 80 mundutan izan zen bigarren saioko gaia, eta Beñat Gaztelumendi eta Uxue Alberdi aritu ziren bertsotan. "Pixkanaka ari gara ideiak pentsatzen, baina bertsozaleren batek ideiaren bat edukiz gero, jar dadila elkartearekin harremanetan", esan du antolatzaileak.


TXALOTZEKO LANAK Osasun larrialdiak iraun bitartean, zenbait ekimen sortu dira kulturaren alorrean. "Sortzaileek doan edo ekimen propioz eskaini dituzte lanak, eta ondo dago, baina publikoa ez litzateke egoera horretara egokitu behar", azaldu du Enbeitak. Haren arabera, sortzaileak ezin dezake denborarik eta dirurik galdu, entzuleak gozatzeko aukera izan behar du eta antolatzaileak antolatzekoa. Zentzu horretan, Bertsozale elkartearen lana txalotu du: "Gauzak txukun egin ditu, baldintza onetan eta bertsolariarentzat ahalik eta erosoena den era batean; egin du ahalegina ekonomikoki denontzat bideragarria izan dadin egoera". Are, gaineratu du nork bere ipurdia salbatu baino, ardura kolektiboa jarri dela erdigunean.


Altubek ekimenok bertso plazaren irtenbide gisa baino, "kontratazio mota bati" eusteko aukera lez baloratzen ditu. "Herrietako saioak Lanku enpresaren bidez antolatzen dira, baina bertan behera gelditu direnez, zulorantz doa; beraz, hori salbatzeko era bat dira". Haren ustez, artea eta bertsolaritza ez dira desagertuko, baina nabarmendu du artistak eta bertsolariak ez badu jaten, ez duela sortuko. Aitortu du pertsonalki ez duela bizimodua bertsolaritzatik ateratzean, eta bere kasuan afizioetako bat eten dela, baina azaldu du zenbait direla egoera "latza" igarotzen ari direnak.

Bidaia, Ternuara

Josu Iztuetak egin dio gaiari lehen sarrera, Buruari bira, 80 munduan saioan. Mahai baten bueltan eserita dago, eta atrezzoa du alboan. Lur planeta biribil bat haren ezkerraldean, eta baita jostailuzko autobus eta txalupa txiki bana ere. Erdigunean bakailao zati batzuk eta bisera hori bat. Bale ehiza eta bakailao arrantza izan ditu gogoan, nola orain urteak joaten ziren euskal herritarrak arrantzan egitera. Iker Iriartek eman die xehetasunen berri bertsolariei. Ternuara egingo dute gaurko bidaietako bat Uxue Alberdik eta Beñat Gaztelumendik. 'Ternua' hitzak esanahi desberdina du haietako bakoitzarentzat, nahiz eta aitona-bilobak izan. Alberdik arropa markarekin lotzen du hitza, eta Gaztelumendik arrantzaleen bidaia gogorrekin. Doinua erabaki, eta hastear da bidaia.