Eusko Jaurlaritzak Hamaseigarrenean, aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986) film ertainen zaharberritzea finantzatu du 80.000 eurorekin, Euskadiko Filmategiaren eta EITBren bitartez.

Lanak Boloniako (Italia) L'Immagine Ritrovata laborategietan egiten ari dira, eta Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean emango dira irailean. 'Hamaseigarrenean, aidanez', 'Ehun metro' eta 'Zergatik panpox' euskarazko zinema sustatzeko 1985ean Eusko Jaurlaritzak osorik finantzatutako lehenengo proiektuak izan ziren.

Donostiako Tabakaleran aurkeztu da proiektua astelehen honetan, eta han izan dira Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskarako zuzendaria, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria eta Anjel Lertxundi, Alfonso Ungria, Xabier Elorriaga eta Jose Julian Bakedano filmen zuzendariak.

Ramon Saizarbitoriaren, Arantxa Urretabizkaiaren eta Anjel Lertxundiren izenburu bereko eleberrietan oinarrituta daude Ehun metro, Zergatik panpox eta Hamaseigarrenean, aidanez filmak, hurrenez hurren, eta Irati Filmak etxeak ekoitzi zituen, 100 milioi pezetako aurrekontuarekin; diru guztiao Jaurlaritzako Kultura Sailak eman zuen.

Bakedanok zuzendu eta ekoitzitako Oraingoz izen gabe film ertainari dagokionez, Bernardo Atxagak idatzi zuen gidoia, Jorge Luis Borgesen ipuin batean inspiratuta, eta 1987ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zen.