Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Rene Cassin Sariaren 21. ediziorako deialdia onartu du, eta hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 21ean irekiko da. Giza eskubideen arloan egindako jarduketa esanguratsuak publikoki aitortzeko sariaren diru zenbatekoa 25.000 euro da, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.
Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta Jaurlaritzak gobernu bileran onartu duen deialdian saritu daitezke euren ibilbide pertsonal edo profesionalaren bidez giza eskubideen sustapen, defentsa eta zabalkundearen alde hartu duten konpromisoa adierazten duten pertsonak nahiz erakundeak.
Epaimahaiko kideak bizikidetzaren eta giza eskubideen esparruan ospe handia duten pertsonek dira: Alfredo Retortillo, Silvia Escobar, Jon Mirena Landa, Maria Oianguren Idigoras, Juan Jose Alvarez, Miren Elgarresta, Mikel Mancisidor, Manuela Mesa, Carlos Martin Beristain eta Jagoba Alvarez Ereño.
Sariaren diru zenbatekoa 25.000 euro da, 2023an ezarritako igoeraren ondoren (urte horretan 14 hautagaitza jaso ziren), eta hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 21ean hasi eta azaroaren 18an amaituko da.
Sariak Rene Cassini zor dio izena. Rene Cassin Baionan jaio zen 1887an, eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren sustatzaile nagusitzat hartzen da. Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an, giza eskubideen alde egindako lan nekaezinarengatik.
Orain arte saria jaso duten pertsonen eta erakundeen artean daude Maiatzeko Plazako Amonak Elkarte Zibila, Federico Mayor Zaragoza, Alec Reid, Koro Erdozia Lasa, Elisa Loncon Antileo, Dora Maria Tellez eta ICDP Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordea, iazko azken edizioan saritu zena.