Bainu-denboraldi ofiziala aste honetan hasi da Euskadin, eta "behar diren kalitate-estandar guztiak betetzen dira". Euskadin, kostaldean, 38 bainu-eremu daude, 5 Ullibarri Ganboako urtegian eta 1 Usako ibaian. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eginiko zaintzari esker, haietako 41ek badakigu ur-kalitate bikaina dutela, 2022an baino 3 gehiagok, 2k kalitate ona eta 1en kalitatea ez dela nahikoa eta, beraz, bainua gomendatzen ez dela, araudiak ezartzen duenaren arabera (Usako).
Bainu-denboraldian, Osasun Sailak, astero, laginak hartzen ditu 44 bainu-eremuen analisi mikrobiologikoak egiteko, eta haietako bakoitzaren uraren kalitatearen berri ematen du. Euskadiko hondartzen osasun-egoerari buruzko informazioa Osasun Sailaren web-orrian dago ikusgai.
"Bainu-denboraldian baliteke uraren kalitatean gorabeheraren bat egotea, baldintza meteorologiko bortitzengatik. Gorabehera horiek, gehienetan, euriteen ondoriozkoak izaten dira, eta aldaketak ekar ditzakete uraren kalitatearen osasun-kalifikazioan. Beste denboraldi batzuetan bezala, gorabeheren segimendu berezia egingo da, eta herritarrei haien berri emango zaie", azaldu zuten Eusko Jaurlaritzatik.
Azken denboraldi hauetan, Ostreopsis sppa detektatu da Euskadiko zenbait hondartzatan, ziurrenik uren tenperaturaren igoeraren ondorioz. Alga mikroskopiko bat da; hatz-mina eta larruazaleko erupzioak (eritema) eragin ditzake, azalarekin harremanetan egon ondoren.
URArekin eta UPV/EHUrekin elkarlanean, uretan alga hori dagoen zainduko da, eta hura nola banatzen den eta Euskadiko kostaldeko hondartzetan ugaltzea zer baldintzak eragiten duten aztertuko da. Era berean, bainularien artean sintomarik agertzen ote den ere zainduko da.