Edonork zalantza egin eta kontrako jarrera ere izan dezake Katalunian burujabetza lortzeko bidean eginiko urrats, hartutako erabaki eta zabaldutako mezuen inguruabarrean. Nolanahi ere, bake bideak erabiliz, herritar kopuru esanguratsu baten babesa atzealdean dela, jardun duten ordezkari zibil eta politikoei ezarririko zigorrak neurriz kanpokoak dira, egundoko izugarrikeria da, edonondik begiratuta. Gorenak Fiskaltzaren eta Vox alderdi ultraeskuindarraren eskakizunak alboratu egin ditu baina, aldi berean, bere egin ditu Gobernuaren menpekoa den Abokatutzaren errelatoa eta hark eginiko zigor eskari gehien-gehienak.

Estatuak, bere iraupena eta batasuna segurtatzeko asmoz, burujabetzaren aldeko mugimendu zabala osatzen dutenak zigortu ditu... Baina ez du estatutik aldentzeko jarrera garbia dutenak konbentzitzea inolaz ere lortu. Preso zeudenek preso segituko dute, aldi luze batean... Eta erbestean daudenek beste horrenbeste. Espainiak guztiz zaharkitua dagoen ikusmoldea erabiliz segitzen du, batasunari nolanahi eustea bilatzen duenari helduta. Ondorioz, sakoneko arazoari irtenbide adostua bila-tzeko borondate garbirik erakutsi gabe, gaiak usteltzen segituko du, jarrerek iltzatzen segituko dute, konponbide oro are zailago bihurtuz.

Espainiar nazionalistak oker daude lurraldetasun arazoaren aurrean Espainia are gehiago ezarriz bilatzen badute konponbidea. Iraun nahi badute, lehenago ala geroago, ikuspegi hori eguneratu beharko dute, nazio desberdinak barruratzen dituen egitasmo partekatua eraikiz. Iraganean zein orain, aniztasuna ezabatu eta sentimendu homogeneoak inposatu nahi dituen espainiar nazionalismoak ez dauka Katalunian, Euskadin zein, epe luzera, Galizian, inolako aurrerabiderik. Beharbada, Estatuak iraunen du, horretarako indarra sobera duelako, baina ez du eremu horietan herritarren babes zabalik erdietsiko, are gutxiago pertsuasioa, akordioa, aldebikotasuna baztertzen eta bere ikurrak, hizkuntza, kultura eta lurralde ikuspegi homogeneoak inposatzen segitzen badu.

Azaroaren 10ean, hauteskundeak deitu dira berriro. Beste behin, Espainiako gobernagarritasunaren arazorik sakonena lurraldetasunarena da. Hauteskundeen ondotik, batasunari nolanahi eusteko akordioa erdietsi liteke nazionalista espainiarren artean, zenbakiek ematen badute, agenda soziala gara-tzeko aukera ezkerreko balizko akordio baten esku lagaz. Jokabide horrek, ordea, arazoa bere horretan utziko luke eta norabide okerrean eginiko beste pauso bat izango litzateke. Bide batez, Euskadiko autogobernua kolokan jarriz! Izan ere, Espainiak ez du iraganean bizi izandako esperientzietatik gauza lar ikasi. Inperiorik gabe geratu eta lurralde-eremu zabalak galdu zituen, besteak beste, askotariko aldarrikapenei entzungor egin zielako. Iraganean, hainbatetan, trena galdu zuen, orain galtzeko zorian dagoen bezala!