Donostia - Gerardo Bujanda gudariaren heriotzarekin Euskadik asteazken honetan galdu zuen Gerra Zibiletik honako eboluzio historikoaren lekukoetako bat. Saseta Batailoiko partaide izan zen 1936an hasitako gatazka armatuan; gero, Francoren diktaduran klandestinitatetik borrokatu zuen, eta trantsizioren lehen urteetan arduradun politiko aktiboa izan zen EAJko kide gisa. Bujandaren hileta gaur arratsaldeko zazpietan izango da, Donostiako Jaungoikoa Gure Aita parroki elizan.

Antigua auzoko Xexena etxetan jaio zen orain 100 urte Gerardo Bujanda, eta arrazoi beliko edo politikoengatik lekualdatu behar izan zuen boladaz aparte, auzoan bizi izan zen. Antigua langile-auzoa zen eta horrek asaldura piztu zuen Bujandarengan. Izaera politikoko lehen ekintzak areagotu egin ziren Gerra Zibilean, 17 urteko Eusko Gaztedi Indarreko militante zena Eusko Gudarosteko Saseta Batailoian sartu zenean. 13 hilabete iraun zituen borrokaldi hura 1937ko abuztuan sinatutako Santoñako Itunarekin amaitu zen, eta Bujanda Laredoko kontzentrazio-eremuan giltzapetu zuten.

Aurrez izandako ibilbidearen aurrean, Marokoko Tzelata de Anyeran pasatako lau urtean “izugarri onak” izan zirela gogoratzen zuen Bujandak. Ez du ahazteko, hala ere, 1943ko egun bat: uztailaren 13ko 12:30ak; fusilatzeko pelotoi baten aurrean egon baitzen, nahiz eta azkenean indultatu egin zuten. 1946an soldadutza amaitu eta bi egunera, gudaria berriz ere klandestinitatean murgildu bai-tzen diktadura garaian. Jarduera horrek atxiloketa ugari ekarri zizkion eta Guardia Zibilak torturatu egin zuen.

Diktadorea hil ondoren, trantsizioari ekin zitzaion, eta gudari donostiar honek orduan ere parte hartze aktiboa izan zuen. Gipuzko Buru Batzarraren lehendakari izan zen, eta bi legealditan Espainiako Gorteetan diputatu ere izan zen, 1977an eta 1979an.

Azken omenaldia urte honetako abuztuaren 25ean jaso zuen; bertan, senitartekoak, lagunak eta jeltzale familiako adiskideak elkartu zitzaizkion bere 100. urteurrena ospatzeko. - Maialen Mariscal