BILBO. Gazteen Euskal Behatokiak aurten egindako inkesta bateko datuak dira. Inkesta horretan Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko lagin adierazgarri bat elkarrizketatu da: 1.500 gaztek osatu dute lagin hori eta gazte horiei hainbat gairi buruzko galderak egin zaizkie, politikarekiko interesa barne. Inkestaren emaitza guztiak "Euskadiko gazteak 2016" txostenean argitaratuko dira, baina oraindik prestatzen ari da Gazteen Euskal Behatokia.

Modu honetan, 2016an politikan "interes handia edo nahikoa" duten gazteen portzentajea duela bi urtekoa (%29) baino %10 puntu handiagoa da, eta "interes txikia edo batere interesik" ez dutenena, aldiz, 2014koa (%71) baino %12 puntu txikiagoa.

Horrez gain, politikan interes handia edo nahikoa duten gazte gehienek ideologia aldetik ezkerrekoak direla diote eta gai publikoetan modu aktiboagoan parte hartu nahi dutela adierazi dute.

Horrela, gazteek politikan adierazitako interesak hamar puntuan gainditzen du Euskadiko 18 urtetik gorako biztanleriaren batez besteko interesa (2016ko martxoan, %29, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak burutako Euskal Soziometroa 60 txostenaren arabera).