GASTEIZ- Polemika handia sortu da PP, Espainiako Gobernua eta biktimen aldetik, kartzelatik atera diren ETAko preso batzuen inguruan. Ulertzen duzu epaileek hartu duten erabakia?

-Bai, jakina. Beste gauza bat da zigortuta egon direnen maila etikoa partekatzen dudan edo ez. Epaileek hartutakoa da Europar Batasuneko irizpide bat eta Espainia Europan dago. Zailago egiten zait ulertzea Espainiako Gobernuak irizpide horren gainetik beste neurri batzuk jarri nahi izana. Bestetik, zigortuta dagoenak publikoki damurik agertu ez badu, ezta keinurik ere, ulertzen dut biktimen egonezina eta haserrea. Baina zuzenbide estatu batean bizi gara eta goiburu bezala eduki behar genuke arauak eta legeak denontzat direla, irizpideak betetzea dagokiela epaileei eta zuzenbide estatu batean sinisten badugu beti sinistu behar dugula, gogokoa dugunean eta ez dugunean. Harritu egiten nau Espainiako gobernuaren jarrerak.

Jaurlaritzak eskatuta ikerketa lan bat egin da argitu gabeko hilketei buruz. Berrehun inguru daude argitu gabe. Zer espero liteke hemendik aurrera?

-Informazioa erabilgarria izango da, ez bakarrik Jaurlaritzarentzat edo Legebiltzarrarentzat edo biktimentzat. Txostengileek nahikoa arazo izan dute Fiskalian eta Auzitegi Nazionalean argitu gabeko kasuei buruzko informeak eskuratu ahal izateko. Uste dut fiskaliarentzat izango litzatekeela erabilgarriena. Erakunde publikoei balio digu biktima batzuekin hitz egiteko, aitormena egiteko eta justiziaren aldarrikapena zehatzago egiteko, jakinda nortzuk diren prozesu penala pendiente duten kasuak.

Helburua da, beraz, argitu gabe dauden kasuak argitzea, errudunak identifika-tzea eta dagozkien zigorrak jartzea?

-Lehenengo, biktimei aitormena egitea, argitu gabe dauden kasuetan nahasmena dagoelako, biktima diren edo ez. Aitormena eta aldarrikapena, bestetik, eta horrekin batera, justizia eta egia argitzea, jakitea zehazki zer gertatu zen kasu bakoitzean. Eta zigorra, jakina, legea bete araziz.

Mario Fernandezek Kutxabanken presidentzia utzi du. Nola ikusi duzu irteera?

-Berarekin harremana izan dut irteeraren aurretik, eta ondoren publikoki txalotu dut bere lan guztia. Goraipatu beharra ikusi nuen eta hala egin nuen, zintzoki gainera. Tamalez ikusi dut nola interpretatu den amaiera. Niri dagokidan aldetik, berak publikoki ez badu hitz egiten horretaz, neuk ere ez dut hitzik esango.

Kezkatzen zaitu Kutxabanken inguruko eztabadia politikoak?

-Ikusten ari gara EH Bilduren aldetik zer planteamendu egiten diren. Baina horren aurrean bada gehiengo nabarmen bat, PNV, PSE eta PPk ordezkatzen dutena. Kezka-tzen nauena da, benetan, jakitea bertoko banketxe bat izanik bere lehen helburua izan beharko lukeela banketxe bati dagokion jarduna areagotzea, eta aldi berean banketxe horrek zer konpromiso izan beharko lukeen euskal gizartearen garapenerako, ekonomiaren mundua bultzatzeko. Eta gizartearen koesioari dagokionez, zer eginkizun daukan. Kontu hauetan, bertokotasuna islatzeko konpromisoa da garran-tzitsuena. Eta, antza, horretan ari dira.

Aste honetan itxi da beste 20 urterako akordioa New Yorkeko Guggenheimekin. Ze garrantzi ematen diozu akordioari?

-Hainbat berrikuntza dira beste 20 urterako. Orain arte ematen zuen Bilbok New Yorken menpekotasuna zuela. Orain ez da izango New York inposatuko duena. Oreka gehiago izango da eta autonomia handiagoa. Gainera, New Yorkek daukan XX-XXI mendeetako artearen erakusketak egingo dira bi urterik behin. Euskal ikasle bekatuak joango dira Ameriketara eta hemengo artista gazteek New Yorken eskarmentua hartzeko aukera izango dute. Eta ez ahaztu Guggenheimek urtero 300 milioi euroko ekarpena egiten diola euskal gizarteari. Bederatzi ehun mila bisitari, turismoa eta sare batean kokatu gaitu. Garran-tzi handia dauka. Onura ez da Bilborako bakarrik, baita Gipuzkoa edo arabarren-tzat ere.

Noiz eta nola gertatuko da Aburto sailburuaren irteera Gobernutik?

-Badakit Aburto jauna aldatu egin behar dudala eta bueltaka nabilkio gaiari. Jaurlaritzarentzat momenturik egokienean egingo dut, ikusita departamentua nola kudeatu behar den horretarako.