Foronda
gorriz, berdez eta zuriz jantzitako Forondako zelaian, Alderdi Egunak beste behin ere erakutsi zuen Eusko Alderdi Jeltzalea prest dela Euskadik pairatzen dituen zailtasunei aurre egiteko. Ekonomiaren azken aldiko gainbehera, loratu beharra duen bakegintza prozesua, estatus politiko berria... hainbat izan ziren atzoko jai egunean azaleratu ziren gaiak. Eguraldia ere mintzagai izan zen jeltzaleen artean baina goizeko lainoen artean arratsaldeko eguzkia nagusitu zen. Eta, zerura begiratuta edo, etorkizuneko erronkei baikortasunez aurre egiteko deia luzatu zuten buruzagi politikoek, beti ere lana bidelagun eta tresna izanda.
Hogeita hamaseigarrena izanik ere, atzoko Alderdi Eguna estrainekoa izan zen EAJko zenbait buruzagirentzat. Alderdiak azken urtean bizi izan duen eraldaketa argi antzeman zen. Esanguratsuena, akaso, pasadan urtean Eusko Jaurlaritzaren buru izateko hautagai zen Iñigo Urkulluk lehendakari gisa ikusteak. EBBko presidente Andoni Ortuzar edo BBBko gidari Itxaso Atutxaren estreinaldia izan zen. Eusko Jaurlaritzak ere kolore jeltzale du oraingoan. "Aurpegi berriak, izpiritu bera", zioten jeltzaleek. Aldakaetak aldaketa, hala ere, alderdiak zerumugan diren lainoei aurre egiteko eguzki izpi adina hartu zituen atzo Forondan milaka eta milaka afiliatu eta jarraitzailek eskainitako hauspoarekin.
Bertan izan ziren, baita, Ardanza eta Ibarretxe lehendakariak; Eusko Jaurlaritzako sailburuak: Sabino Arana Fundazioko kideak, Juan Mari Atutxa buru zutela; Madrilen lanean diharduten senatari eta Kongresuko diputatuak; herrialdeetako zein herrietako Buru Ba-tzarretako arduradunak; EGIko gazteak, Argentina eta Venezuelako nazioateko ordezkaritza jeltzaleak. CiU, BNG, Compromiso por Galicia, Coalicion Canaria, Proposte por les Illes balears, Parti Breton edota Afrika zein Hego Amerikako alderdi desberdinak ere bertaratu ziren. Denon laguntzaz ekitaldiak ekonomia, bakea eta euskal nazioaren eraikuntza izan zituen eguneko gako nagusi. Gehien oihukatu zen esaldia, bestetik, I am Basque izan zen.
Ohi legez, 400.000 metro koadroko Forondako gunea goizetik hasi zen betetzen. Kotxe zein autobusen aparkalekuek Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik etorritako jeltzale-andanariaurre egiteko gai izan zen egun osoan zehar. Baita txozna gunea ere -aurtengoan 23 izan ziren guztira-, lehen orduetan gosariari ekin ziotenei batipat. Eguerdiko mitinaren ostean berriz bete ziren, taloaz edota ogitartekoez hornitutako mahaietan koadrilak sortuz. Gurasoen bilgune izan zen haur parkeak zein kultur guneak ere ederki funtzionatu zuten, aurtengo berritasun nagusienetakoizan zen photocall-a bezala. Lelo eta guzti -I am Basque, nola ez-, militante jeltzaleek alderdiko buruzagiekin argazkiak ateratzeko aukera izan zuten. Ederto aprobetxatu zuten abagunea askok: Urkullu eta Ortuzar izan ziren eskakizun gehien jaso zituztenak.
Herri kirol saioak eta dantza emanaldiak ere izan ziren eguneko menuaren gozagarri. Arratsalderako azken orduetan, azkenik, disko festak eman zion amaiera jardunaldi luzeari. Euri tanta baten bat jausita, eguraldia hala ere ez zen izan eguna zapuzteko kapaz. Atzo Forondako zelai zabaletan jazotakoa sinbolo bilakatu nahirik, EAJk datozen etorkizuneko erronkei tinko eusteko dialdia plazaratu zien bere jarraitzaileei. Zailtasun tankerako lanbroak egunerako lanaren bitartez eguzki izpi bilakatzeko deiadarra lau haizeetara zabaldu zuen alderdiak.