Araban hautatu diren EAJko legebiltzarkideen artean erdia baino gehiago ez daki euskaraz. Zein da zure iritzia honen inguruan?

EAJren euskararen aldeko apustua beti gardena izan da. Talde horretan denek behar dena egingo dute euskara bere tokian kokatzeko, horretaz ziur nago. Dudarik gabe, beharrezkoa da politikariak euskaldunak izatea. Azken finean, elebitasuna aldarrikatzen badugu eredu on bat emateko gai izan behar gara.

Beste taldeak ikusita, EH Bilduko legebiltzarkide guztiek euskara dakite, PSEn inork ez, PPen bat bakarrik eta, bukatzeko, UPyDko forupekoa badaki. Guztira, 25tik 11 legebiltzarkide elebidunak dira.

Segur azki, datu hauek aurreko legealdiekin aldaratzen baditugu euskaldunen kopurua gero eta handiago da. Kontuan izan behar dugu, EAJren zerrendan experientzia handiko politikariak daudela eta bere garaian ez zutela gozatu gazteagoak garenok gozatu ditugun euskalduntze prozesuez. Hau da Arabako errealitate linguistikoa. Dena dela, argi geratu behar da EAJk beti aldarrikatu duela euskararen presentzia erakunde guztietan, bermatuta dagoela euskararen erabilera EAJren legebiltzarkideen partez, nahiz eta batzuk ez jakin.

Legebiltzarrari buruz ari gara, baina Udaletxean zer garrantzi ematen diozue gai honi?

Ematen diogu, bai. Zinegotzi ba-tzuk euskaldunak gara, nahiz eta egia izan egunerakotasunean ez dela gehiegi hitz egiten Udaletxearen gehiengo batek euskaraz ez dakielako. EAJ eta Bildu kenduta beste taldeetan euskaldunen kopurua sinbolikoa da. Halaber, nik beti esan dut alkatea euskalduna izan behar dela. Askotan amorrua ematen dit entzutea nola bai PPk bai PSEk erabiltzen dute hiriburutasunaren kontzeptua. Arlo ekonomiko batera mugatzen dute, canón de capitalidad delakoa eskatzera. Aitzitik, guk behin baino gehiagotan esan dugu hiriburutasuna hori baino askoz gehiago dela, euskal kulturaren defentsa ere hor sar daitekela pentsatzen dugu, edo Gasteiz EAEren hiriburua den heinean euskararen hiriburua ere izan beharko litzatekeela.