gasteiz. Legebiltzarrean egin eta irekita geratu diren lanen artean Bake eta Bizikidetza Lantaldea dago. Printzipioen adierazpen bat onartu zuten. Ponentzian ez zuten ez EAk ez Aralar-rek parte hartu, baina Legebiltzar berrian EH Bildu sartuko da. Jarraipenik izango al dute Lantaldeak eta adierazpen horrek?
Bizikidetzarako Lantaldeak oso lan ona egin izan du hiru hilabeteetan soilik. Euskal Ganberan dauden 75 legebiltzarkideetatik 72k oinarrizko bi printzipio berenganatzea posible egin du lantaldeak: bakea oroimenarekin eraki behar dela eta printzipioak ezarri behar direla hauxe berriro errepika ez dadin. Eta hortik aurrera, etorkizunerako hainbat konpromezu. Guretzat hauek garrantzizko konpromezu etiko dira. Zoru etiko hori EAJ, Alderdi Popularra, Ezker Anitza, Aralarretik kanporatutako hiru legebiltzarkide eta PSEk hitzartu dute. Ez dakit nolakoa izango den hurrengo Legebiltzarra, baina talde politiko horiek eta ordezkatzen duten gizartea gehiengo zabal bat da. Gehiengo horrek printzipioak babestuko dituela uste dut eta etorkizunean erabilgarri egiten eta garatzen jarraituko duela. Uste dut Legebiltzarrean sartzen den edozein legebiltzarkidek zoru etiko hori zapaldu beharko duela. Hori baita utzi dugun zorua eta zapaltzea nahi ez duenak, ziurrenik, ez du Legebiltzarra zapalduko.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Gauden guztiok printzipio horiek onartu beharko ditugula, hori da helburua. Ez dut uste inolako arazorik egongo denik. Ez da inolaz ere mehatxu bat.
Lantaldean parte ez hartzeko Aralar eta EAk erabili zuten argudioa izan zen ezker abertzale historikoari ez zitzaiola utzi ordezkapen iraunkor bat izaten baldintza beretan. Uste duzu datorren legealdian Lantalde honetan euskal Ganbera osoa ordezkatuta egon litekeela?
Haiek erabakiko dute egon nahi duten edo ez. Hitza jan beharko dute. Ponentziak ekarpenak eskatu dizkie giza kolektibo ugariei eta alderdi politiko guztiei, legebiltzar ordezkaritzarik ez duten horiei baita ere. Ez dute egin, ez dutelako nahi izan, hain zuzen ere. Akordio garrantzitsu bat egin dugu uste baitut, terrorismoarekin bukatzea gogorrena izan arren, zailena elkarbizitza eraikitzea izango dela. Bide horretatik aurrera egin du ponentziak, talde ezberdinen arteko elkarlan zintzo baten bitartez. Agian legealdi honetan adostu dugun gai gutxienetariko bat izan da, zailtasun asko izan eta gogotik lan egin ostean baina, dena dela, legealdiaren amaieraren une gutxienetariko bat izan da.