ETaren deklarazioarekin ziklo bat ixten dela, hor denok ados. Baina adostu beharko duguna ziklo berriaren hasiera da. ETAk emandako pausuaren garrantziaz, ez dago ezer berririk esateko. Zor zion herri honi. Baina orain pauso gehiago eman behar dira, eman behar dituzte, besteak beste, indarkeriarik gabe dena dela posible hainbeste aldiz errepikatu dutenek. Posible al da? Dena posible izateko lan handia geratzen da egiteke. ETAren erabakiaren ondoren, lurra eskaintzen zaigu, lur zati emankor bat non lan egin, non adostu, non negoziatu, non posible bihurtu proiektu politiko guztiak aurrera eramatea. Eraikuntza prozesu mardul baten aurrean gaude. Eta eraikuntza prozesu honetan ezin ahaztu hildakoak, ezin ahaztu tortura jasan dutenak, ezin ahaztu kartzelak, ezin ahaztu galdu diren gazteen belaunaldiak? Ordua da mundu guztiak errekonozitu dezan biktimak bi aldekoak direla. Ordua da eskema asko aldatzeko, arazoari perspektibaz begiratzeko eta hitz berriak asmatzeko. Ukabilak lasaitu eta eskuak zabalik arazoa konpontzen lan egiteko. Pazientziaz, baina gelditu gabe.
- Multimedia
- Servicios
- Participación