foronda
L AINOPEAN hartu zituen atzo Forondako zelaiak Alderdi Egunera bertaratu ziren milaka eta milaka alderdizale eta alderdikideak. Goizean goiztik, Euskal zazpi lurraldetatik eta baita Kataluniatik eta atzerritik etorritako lagunak Eusko Alderdi Jeltzaleak urtero ospatzen duen festara hurreratu ziren aberria buruan eta bihotzean zeramatelarik. Adinduak, zein gazteak, emakume zein gizon izan ziren atzo protagonista nagusiak jaia eta tradizioa bat egiten duten egunean. Jaia, alderdizale askok ez dutelako eskuko atzamarrekin zenbatzen azken urteetan Forondako zelaitan botatako parrandak. Eta tradizioa, egutegian gorriz markatzen den eguna bilakatu delako irailaren azken domeka, EAJren Alderdi Egunaren data alegia. "Bost urte segituan daramatzaguz jarraian familia osoarekin egun hau igarotzen, aurten gainera, ostiralean etorri gara kanpalekuan lo egitera", zioan Laudiotik etorritako laukote gazteak.
Jaia eta tradizioa binomioa alde batera utziz, atzoko ekitaldiak baserritarren udako uztako azkenengo produktuak dastatzeko aukera ere eman zuen, eta bide batez, txakolina eta sagardoaz lagunduta, taloari eta txorizoari gustua hartzen joateko. Izan ere, EAEko udalerri ezberdinetako hogeitabost txosna izan ziren atzo nor baino nor Arabako Lautadan egunean zehar hurbildu zen jendetzaren egarria asetu nahian, eta baita lortu ere. Hamaikak inguruan, hizlarien tribunaren aurrean mesa bukatu bezain pronto eta lehendabiziko pintxoak dagoeneko sakelan gordeta zeudela, agintarien eta Udal Buru Batzerretako (UBB) lehendakarien desfileari eman zitzatzion harrera.
Bertan, Euskal Herriko zapi probintzietako, Kataluniako, Galiziako, Flandeseko, Alsaciako, Argentinako, Kurdistaneko Angolako eta Afrikako beste hainbat herrialdetako ordezkariak hartu zuten parte, jendea ziztu bizian altxatzeaz gain ume txikienen arreta berehala piztu zutelarik.
Hamabietan puntu puntuan, Forondara bertaratutako milaka lagunek ekitaldiko unerik hunkigarrienaren protagonista bilakatu ziren. Izan ere, ordu horretan txalo zaparrada batekin hartu zuten Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Iñigo Urkullu, atrilaren gainean Izan garelako izango gara lelopean egin zuen harrera. "Harrotasun osoz esan dezakete Euskadi gaur gehiago dela, autogobernu eta ongizate zabalagoa duela Harro gaude ibilbide honetaz. Bide hau egin eta lagundu duten guztiekiko esker onez. Inork ez digu ezer oparitu. Lortutakoa, Euskadiren alde dena eman duten pertsonei zor diegu", esan zuen hasierako hausnarketa gisa, eta, honekin batera, atariko adindu, gazte, emakume zein gizonen zoramena bistakoa bilakatu zen Forondan. Beste domeka bat alderdian, eta badira jada 35.