Gasteiz. Ia bi hilabete igaro dira Bildu eta berarekin ezker abertzale historikoa erakunde askoren gobernura iritsi zenetik. Garai berri honen zer nolako balorazioa egiten duzu?

Mapa politikoaren sinplifikazio bat gertatu da maiatzaren 22ren ostean. Lau indar polítiko handi gaude: bi ezkerrekoak, bi eskuinekoak; bi abertzale eta beste bi autonomistak edo konstituzionalistak. Neure aburuz, arrisku bat izan beharrean, aukera bat suposatzen du. Inoiz ez da Euskadin mapa politikoa hain definitua egon eta erakundeak hain banatuta egon. Horrek hitzarmenak sinatzeko eta proiektu guztietan elkar ulertzeko aukera paregabe bat eskeintzen du; epe motzekoetan, baina, bereziki, epe luzeko horietan. Ezker abertzaleari dagokionez, hausnarketa sakon bat eginez, jakina, gauza baikorrak ari dira gertatzen. Arnaldo Otegik Bateragune auzian esandakoa urrats baikor bat dela deritzot, Rufi Etxeberria-k eta Iñigo Iruin-ek joan den otsailaren 7an Sortu-ren estatutuak aurkeztu zituztenean esan zituztenekin gertatzen den legez. Pausu baikorrak eta itxaropentsuak dira. Baina, esandakoak esanda, iraganik gabe ezin da etorkizunik egon. Eta frankismoaren hilketen egia zein memoria eskatzen gehien ahalegindu direnek ezin dute gauza bera eskatu ETAren hilketen kasuan.

Bildu-k ziurtatu du, data jarri gabe, ETAren biktimen omenaldietan partehartzen hasiko dela. Tasio Erkizia-k present egon zen joan den ostegunean Noruegako hildakoen omenaldi ekitaldian. Urrats txikiak al dira?

Ezker abertzaleak beti izan du hipermetropia. Munduko edozein bazterretan bidegabekeria ikusteko espezialista hutsa da eta, alderantziz, gertuko bidegabekeria ikusteko ez da inoiz gai izan. Berriro ere, Arnaldo Otegi aditzera dakart. Borroka politikoaren alde bakarrik apustu egiteko unea iritsi dela onartzen duenean, bide baketsuetatik eta demokratikoetatik, inplizituki onartzen ari da garai baten behintzat borroka polítiko-militarrean aritu zirela.Zergatik 900 eraildako izan arte itxaron dute borroka militarra soberan zegoela konturatzeko? Hori da, hain zuzen ere, hausnarketa orokorra. Uste dut etorkizuna itxaropenarekin ikusi behar dela, pausu baikorrak ematen ari direla terrorismoaren bukaera behin betikoz finkatzeko, baina ez dela oraindik ere iritsi eta ezker abertzaleak, sinesgarritasuna eduki nahi baldin badu, ETArekin estu jokatzen jarraitu behar duela. Arnaldo Otegi espetxetik esaten ari den hori, kalean dauden ezker abertzaleko beste hainbat buruk hasi beharko lukete ere esaten.

Eusko Legebiltzarrean motibazio politikoko biktimen lantaldea martxan jarri da. Euskadiko normalizazio politikorako aurrerapausu gisa uler daiteke?

Demokraziak aukera asko eman dizkio ezker abertzaleari. Hau beste bat izan daiteke. Eta kontraesankorra da Euskadin gobernu sozialista batekin gertatzea, hau da, abertzale baten esku ez dagoen lehenenego gobernuarekin. Ez dakit hauxe bera nahikoa bezala hartuko duten ala ez. Gure obsesioa ez da halako ekimenekin ezker abertzaleari on egitea. Egiten duguna da biktima guztientzako egia, memoria eta justizia eskatzea. Ez da PSE-EEk egiten duen lehenengo aldia. Gaur (pasa den ostirala) Juan Mari Jáuregui gogoratzen dugu espreski; bere testigantzak funtsezkoak izan ziren GALeko errudunak espetxeratzeko. ETAko ia 900 biktima egon dira eta hainbatek biktima hauek ahaztu nahi dituzte, egon izan ez balira bezala, etorkizunera begiratu behar dela aitzakipean. PSE-EEk itxaropenarekin begiratzen du etorkizunera. Bake eskenatoki bati eta erakundeetan ezker abertzalearen egote normalizatuari beldurra izan beharrean, eskenatoki honek morala ematen digu, 70 urteetan lehendabiziko aldiz polítika askea egitea ahalbidetzen baigaitu.