gun batzuk daramatzat hutsune hau nola bete pentsatzen, egun honetarako dena amaituko zelako itxaropena galdu gabe. Baina ez, gaur, martxoak 19, gerraren 24. eguna beteko da. Egia esan, ez nuen gerrari buruz idatzi nahi. Ez dut nahi. Hala ere, bestelako gairik jorratzea ezinezkoa egiten zait. Aitaren eguna aitzakia ona izango zen, baina ez da erraza. Ukrainan geratzeko seme-alabengandik banandu behar izan duten aita guztiengan baino ez dut pentsatzen. Errealitatea ikaragarria da, krudela. Ez dakit gertatzen zaizuen ala ez, baina jazo-tzen ari dena gehiegi izaten ari da niretzat. Irudiak ikusten ditut telebistan edo egunkarian eta ezin dut sinetsi. Eskolara bidean edo okindegiko ilaran, burua Ukrainan dudala konturatzen naiz. Gaur, agur horietan guztietan pentsatzen dut. Ia hilabete aitarengandik bananduta daramaten haurrak. Nork daki haien berririk izango duten... Nork daki berriro elkartuko diren...Eta orduan, Taras gogoratzen dut, malko artean bere seme Matviyri agur esaten zionean, bere amarekin trenean igota. Aldi berean, ezin ditut ahaztu Marken hitzak, negar artean kontatzen zuenean bere aitak herrialdeari laguntzeko geratu egin behar zuela. Izan ere, gerrak gudu-zelaian sortzen ez diren zauriak ere eragiten baititu.