eharbada, pixka bat berandu da urte hasierako asmo onei buruz hitz egiteko. Eta azken bi urteak kontuan hartuta, hobe da handinahiegia ez izatea horiekin. Hala ere, badira ahalegin handirik eskatzen ez duten keinu txikiak edo errutina-aldaketak eta, aldi berean, gure ongizatean oso modu positiboan eragiteko gai direnak. Orain dela gutxi, The Guardian egunkariak zure bizitzako hobetzeko 100 moduen bilduma bat argitaratu zuen. Horietako batzuk praktikan jarri ditut jada, eta beste batzuk pixkanaka gehitzea dut helburu. Oso sinpleak dira eta horretan datza haien handitasuna. Hauek dira gustukoenak: ahal den guztietan, eskailerak aukeratu; lo egin mugikorra logelatik kanpo utziz (eta iratzargailu bat erosi); egunean gutxienez hamar minutu eman benetan gustuko duzun zerbait egiten; erosketaren bati buruz zalantzarik baduzu, 72 ordu itxaron hura burutu arte; utzi giltzak beti leku berean; jaitsi sorbaldak; galderak egin eta erantzunak entzun; auzoko liburutegiko irakurle-txartela egin eta erabil ezazu; egunero poema bat irakurri; oinez zoazenean entzungailuak kendu (eta mundua entzun); bigarren eskukoa erosi; auzokoak agurtu; postrea hartu beti; ez gorde gauzak une berezietarako, goza ezazu ahal duzun guztietan; eta azkena, hain beharrezkoa den une honetan, solidarioa izan.