gunero bi edo hiru kafe hartzen ditut lanera edo kirola egitera joan aurretik Gasteizko tabernetan, bai erdialdean, bai Salburua, Judimendi edo Koroatze auzoetan. Ostegun arratsaldean mintzalagunekin kafea hartzen dut euskaraz hitz egiteko Zabalganako taberna batean. Ostiralean kuadrillarekin elkartzen gara arratsaldeko zazpi edo zortzietan poteoa egiteko, eta gero beranduago, Sansomendiko taberna batean bokatak afaltzen ditugu. Eta nola ez, asteburuetan bikotearekin etxetik kanpo bazkaltzen dut, bai Alde Zaharrean, bai Arabako edozein herritan (Murgia, Zurbano, Amurrio edo Errioxan). Gainera, astegunetan edozein goizean ahizpa eta amarekin elkartzen naiz kafea eta pintxo bat hamaiketakoa egiteko umeen bila Salburuko ikastolara joan aurretik. Eta ezin dut ahaztu urtean bitan (uda eta neguko oporretan) lehengusu-lehengusinak elkartzen garela bazkaltzeko. Edozein momentua oso aproposa da taberna batean lagunekin edo familiarekin elkartzeko. Iraganeko istoriak gogoratzen ditugu kuadrillakoekin, bidaia bat antolatzen dugu lagunekin, edo lanari buruzko arazoren bat entzuten dugu poteoa egiten dugun bitartean. Horregatik, bakarrik esaten dizuet Arabako tabernariei: Mila esker, benetan. Eskerrik asko beti egoteagatik.