erro hauek irakurtzen dituzuenean, Errege Magoak etxetik pasatuko ziren. Urtero errepikatzen diren eszenak bizitzeko momentua da, adibidez, maiestateek sarritan ekartzen duten Legoko jostailu berri hori eraikitzen hasteko unea. Izan ere, badaude modatik inoiz pasatzen ez diren jostailu klasikoak. Are gehiago, esan daiteke adreilu ospetsuak bildumazaleen benetako pieza bihurtu direla. Eta ez hori bakarrik, inbertsio ona direla ere badirudi. Jendeak kriptotxanponei buruz hitz egiten duen honetan, Lego-ak inbertsio alternatibo bat dira, zeinaren batez besteko errentagarritasuna urrea, bonuak eta amerikar akzioen merkatuaren zati handi bat gainditzeko gai den. Duela gutxi egindako ikerlan batek berretsi du: Legoko piezen urteko batez besteko errentagarritasuna % 11koa da. Oinordekoek, begi inbertitzaile ona omen dutela, Harry Potter, Frozen eta hiriko eszenaren bat gordetzen dute beren bilduman... Baina, kontuz, denek ez dute balio. Txostenaren arabera, kontuan izan behar da sorten balioa ez dela handitzen hasten bizpahiru urte igaro arte; gehiago ordaintzen dira ireki gabe kontserbatzen diren kutxen truke eta, batez ere, arrakasta handiagoa dutenak film ospetsuetan, pertsonaietan edo eraikinetan inspiratutakoak dira. Beraz, horrelakoren bat baduzue, ondo gorde, batek daki etorkizunean negozio bikaina egin ahal izango duzuen.