asa den astean, alaba txikiak liburu bat hartu zuen liburutegitik, hamaika aldiz irakurri duguna. Gero eta gehiago gustatzen zaio irakurtzen dugun bakoitzean. Hasieratik marrazkiek atentzioa eman zioten, baina, titulua irakurri nionean, Marta no da besos, erabat konbentzituta geratu zen. Baita ni ere. Umeak badauzkazue, seguruenez hurrengo egoera noizbait gertatu zaizue. Ezagun batekin topatzen zara kalean eta agurtu ondoren, haurrari hitz egiten dio musu bat eskatzeko. Horretan pentsatzean, nire buruari beti galdetu diot: zergatik dago egoera hori hain normalizatuta? Inori ez zaio bururatzen heldu bati musu bat eskatzea. Oraindik badaude pentsatzen dutenak haurrei musuak ematen irakastea manera onen arabera heztea dela, baina errealitatea oso bestelakoa da. Haurrei erakutsi behar diegu musurik ez ematen, eman nahi ez badute. Arrazoiak agerian daude: lehenik, errespetu kontua da; bigarrenik, umeentzat musu bat garrantzitsua da, ez kortesia seinale bat; eta hirugarrenik, segurtasunagatik. Horregatik guztiagatik, egun hauetan, liburua etxean daukagula aprobetxatuz, gaiari buruz hitz egin dugu. Izan ere, Martak esaten duen bezala, musuen kontua oso gauza serioa da. Ez dira eskatzen, ez lapurtzen, ez behartzen, ez bultzatzen, ezta diru, opari edo gozokiekin erosten ere. Libre irten behar dute zintzoak izan daitezen.