andemia dela eta, gaixotasun mentalak hazi dira nabarmenki diote adituek, eta normala da inondik ere. Inoiz ez ezagututako egoera gorri bat bizi behar izan dugu guztiok, gure artekoen osasunagatik eta baita ere gureagatik estutuak, etxean giltzaperaturik hasieran, izuak kudeatzen hilabetez hilabete, maite dugun jendearengandik bananduta, aterabidea ikusi barik hain luzaroan... Ez da erraza izan eta, gainera, ez geunden prest, zoriontsu izatera beharturik gaudela ematen duelako itxurakeriaren garai honetan. Goibeltasuna giza sentimendu bat da, sanoa ere zergati objektibo bat egonez gero atzean. Irriari eustera derrigor diezaiokegu gure buruari, sendoarena, baikorrarena egin ahal dugu, bakardadean izanda ere, baina gauez, argia itzaltzerakoan, beldurrak pizten dira. Zenbat eta gehiago ukatu, ezabatu nahi ditugu beldur horiek, orduan eta ikaragarriago, sendaezinago sortzen dira, eta behin betiko kalte bat eragin ahal digute. Barnean daukagunari irteten uzten badiogu, irtengo da, mina eragin arren. Uzten ez badiogu, lehertuko da goiz ala berandu eta suntsituko gaitu barrutik. Mina horri aurre egiteko gaitasuna izan behar dugu, bizitza sufrimendua baita halaber, eta hori da gure gaur egungo gizartearen gabezi handienetariko bat.