arolinak ez dauka mugarik. Europako txapelduna da, eta bi hilabete barru bere bizitzaren bidaia garrantzitsuenetariko bat egingo du: Tokio izango da hurrengo jomuga. Egoera fisiko ezin hobean, minik eta lesiorik gabe, Carolina buru-belarri ari da lanean bai entrenatzailearekin bai psikologoarekin, Tokion urrea lortzeko "gogotsu" dagoelako .... Baina nahiz eta badminton jokalari hau olinpoan sartu den, bere Europako azken lorpenak ez du lekurik izan hedabideetan. Zergatik? Domina lortu zuen egun berean Leo triste zegoelako. Pasa den maiatzaren 2an futbolaria izan zen protagonista bakarra telebista, irrati eta egunkarietan. Egun horretan bere taldeak jokatu behar zuen Valentzian, eta hotelera sartu baino lehen, kazetariak oso kezkatuta geratu ziren keinu nekatu eta triste sumatu zutelako Leo Messiren aurpegian. Hori dela eta, maiatzaren 2an futbolariaren tristurari buruz hitz egin zuten albistegiek 20 minutu baino gehiagoz. Carolina Marínen lorpenari buruz, 30 segundo baino ez. Nahiz eta Europako txapelduna den. Nahiz eta Tokion egoteko lehian ari den buru-belarri. Nahiz eta futbolaren (865), saskibaloiaren (652), motorraren (519) eta tenisaren (515) ondoren, badmintona den, 497 milioirekin, munduan zaletu gehien dituen bosgarren kirola.