iri batera bidaiatzen dudan bakoitzean, museoren bat bisitatzea dut gustuko. Orain arte, Munduko museo interesgarrienetako batzuk ezagutzeko aukera izan dut. New Yorkeko Moma, Londreseko Britaniar Museoa, edo Parisko Orsay, besteak beste. Zaletasun horrek bultzatuta, pasa den astean Arabako Natura Zientzien Museora hurbildu nintzen. Eta izugarri gustatu zitzaidan. Alabekin joan nintzen eta aitortu behar dut beraientzat ere sorpresa atsegina izan zela. Ikusi ahal izan genituen fosilak, mineralak, intsektu tropikalak, hainbat hegazti mota, baita Gorbeiako hartz arre baten hezurdura ere. Espero genuen baino gehiago. Denok planaz gozatu genuen, baina ez hori bakarrik, gure ingurune naturaletik ezagutzen ez genituen ezaugarriak ikasi genituen. Onena da nahi dugunean bisita dezakegula, denbora mugarik gabe. Izan ere, museo batez behar bezala disfrutatzeko astia behar da (esaten dute Louvre ezagutzeko gutxienez 100 egun behar direla) eta hori ezinezkoa da oporretan bazaude. Baina, kasu honetan, eskura daukagu. Bilduma bakoitza arretaz beha dezakegu, azalean geratu gabe, azken finean, begiratzen ikasteko pribilegioa dugu. Gaur Arabako Natura Zientzien Museoak 35 urte bete ditu. Laster itzuliz ospatuko dugu. Zorionak eta hurrengora arte!