aur autoz etorri naiz lanera eta eseri bezain pronto bikotekidearen deia jaso dut. Patin elektrikoaren gurpila zulatu zaio, beraz, kotxeko maletategian uztera zetorren. Giltzak ematera jaitsi naiz, autora lagundu diot eta gero taberna batera sartu gara kafe bat hartzera. Eta horrela, espero gabe, hitzordu txiki bat izan dugu. Zita bat! Arraroa egin zaigu gure alabarik gabe egotea, gugan bakarrik pentsatzea. Izan ere, bi urte hauetan, haurrak izatean, bikote asko zergatik banatzen diren ulertzera iritsi naiz. Inork ez digu esan guraso izateak zertan datzan. Inork ez dizu esaten zein zaila den deabru txiki batzuk beren desio eta kezkekin edukitzea, zuk baino askoz ere indar handiagoarekin eta normalean, zurekin kontrajarrita egon ohi diren premiekin. Inork ez dizu esaten gustatzen zaizkizun gauzak egiteari uzten diozula, bestela ez baitago aurrera egiteko modurik. Inork ez dizu esaten ez duzula astirik izango zure bikotekidearekin hitz egiteko. Azkenean, haurrak izate hutsa, normalean, erraza izaten da, baina zaindu, hezi eta erritmoari jarraitzea beste gauza bat da. Beraz, eskerrik asko patin elektrikoa! Orain, bikote harremanaren onurarako, gure alaba gabe gaudenean arraro ez sentitzen eta gure denbora gehiago aprobetxatzen ikasi beharko dugu, baina eskerrak, horretaz behintzat, garaiz konturatu garen.