aur egungo egoerak zerbait erakutsi badit, isiltasunaz gozatu ahal izatearen garrantzia da. Denbora gehiegi daramagu zarataz inguratuta. Zarata, umorea aldarazten dizun soinu jasanezin hori, segundo gutxi batzuetan izateko modua ere aldatzen dizuna. Munduko pertsonarik lasai eta baketsuena ere sumindu dezakeen hotsa, alegia. Bai, asmatu duzue, obretan ari dira nire auzoan. Adreilua, hormigoia edo harria zulatzeaz gain, auzotarren eta oinezkoen garunak ere zulatzen dituzten obra amaiezinak. Nola liteke teknologikoki hain aurreratuta egotea alderdi batzuetan eta inori ez bururatzea isilgailu bat jartzea makina zaratatsu orori? Eta zer esaten didazue garbiketa-makinei buruz? Norbaitek nabaritu al du, katxarro hori martxan dagoenean, gainerako mundua desagertzen dela? Badirudi kamioi bat pasatzen zaizula gainetik edo akzio-filmetako apokalipsi suntsitzaileena gertatzen ari dela. Horrelako zaratak direla eta, gero eta gehiago gustatzen zait isiltasuna. Zure abestirik gogokoena entzun ahal izateko isiltasun hori, naturako soinurik onenak erakusten dizkizun isiltasun hori, txorien kantua, haizeak mugitutako zuhaitzen hostoak, udaberriko lehen euri tantak, zure pertsona gogokoenarekin etenik gabeko elkarrizketa hori. Isiltasuna hori da gauza txikiez gozatzea.