rain dela bi aste, Gasteizko 40 langilek lan egiteari uztea erabaki zuten. Grebari eusteko erabakia ez zen batere erraza izan, koronabirusaren krisi garaia eta multinazionalaren presioa kontuan izanik. Bost egunez ekoizpena eten ostean eta SEAren egoitzaren eta enpresaren aurrean hainbat elkarretaratze egin ondoren (egun zail horietan ez dira etxean geratu; kalera irten dira haserrea eta ezinegona erakusteko, bai goizean, bai arratsaldean, bai gauean), grebaren arrakasta ospatu ahal izan dute Jundizko langile horiek. Akordioa lortu eta hitzarmena sinatu dute (urteko lanaldia murriztuko da eta soldatak igoko dira). Langileak izan dira hobekuntza nabarmenak lortu dituztenak. Nola? Esfortzu eta borrokari eutsiz, erabaki zailak hartuz... Eta batez ere, gero eta enpresa gehiagok zabaltzen duten beldurra alde batera utziz. Kasu askotan, enpresariek hainbeste mezu beldugarri bidaltzen dizkigute langileoi geure eskubideak zapaltzeko asmoz: aktibitatea eta lan karga jaitsiko direla pandemiaren erruz, soldatak gehiago jaitsi beharko dutela “lanpostuak berma-tzeko” promesari eutsiz, eta abar. Hala ere, lan-prekarietatearen aurkako greba egin duten Mecautoko langile horiek zoriondu behar ditut beldurraren aurrean oso ausartak izan dira eta.