zozkailua hondatu zaigu etxean, 4 urte baino ez zituen, baina zaharkitze programatua ez da izango gaur jorratuko dudan gaia. Kontua da 4 ordu eman nituela gailu madarikatu horren faktura bilatzen. Esaten dute gure bizitzaren 6 hilabete eta erdi galtzen ditugula objektuen bila. Eta nik gehituko nuke beste horrenbeste edo gehiago jasotzen. Izan ere, aspalditik badabil nire buruan behin eta berriro errepikatzen den pentsamendu bat: gauza gehiegi dauzkagu etxean. Nire ingurura begiratzen dudanean, askotan kaos sentsazioak harrapatzen nau. Ez da soilik ordena falta, arazoaren oinarria gauzak pilatzeko daukagun erraztasunean datza. Arropa, jostailu, liburu, aldizkari, paper, bidaien oroigarri, argazki, edo etxeko apaingarri gehiegi…, hitz batez, beharrezkoak ez diren gauza gehiegi. Gainera, umeak heltzen direnean erronka handitzen da, ez soilik tamaina handikoak eta ezinbestekotzat saltzen dizkiguten haurren produktuak direla eta, baizik eta apalak, tiraderak eta armairuak betetzen dituzten milaka trasteengatik. Neurrigabeko kontsumismoaren kontrako hamaika argudio sendo eman ahalko nituzke, baina momentu honetan hainbeste bilatu eta jaso behar ez izatearekin konformatuko nintzateke, eta nire osasun mentalak eskertuko luke gainera.