baiek gainezka egin dute. Ura bere ohiko bidearen kontra errebelatu da eta kanporantz egin du. Hartu ditu errepideak, landa eremuak, espaloiak, bideak, etxeen azpiak, garajeak... Uraren intsumisioari begira, pentsatu dut pertsonek eta ibaiek nahiko antzera egiten dugula gainezka. Euriteek lur-jausiak ekarri dituzte baita ere. Pertsonak eta mendiak ere antzera hondatzen dira, antzera dituzte askotan zailtasunak euren zati batzuei eusteko. Harkaitzei eta zuhaitzei, nola, bihotzari, adibidez, edo arimari.

Uraren eztanda horren antzekoa nik pertsona askotan ikusi dut. Ni ere lehertu naiz horrela inoiz. Gertatzen denean, askatze bat sentitzen dugu, arintze bat azkenean; bertara heldu arteko bidea izaten baita gogorrena. Eztandari diogun beldurrak gure barruko basapiztia guztiak otzantzera garamatza, denbora luzez askotan; baina helduko da egun bat zeinean, ibaietako ur biziak bezala, ahotik, belarrietatik eta gure zulo guztietatik aterako zaigun barruan pilatzen joan zaigun infernua. Gorputzak ezin du gehiago jasan.

Negozioa ixtera behartua egon den ostalaria, adibidez, zorrez gainezka geratu dena: Eutsi dio hilabeteetan egoerari, bere familiari duten benetako zorra aitortu gabe, gauez lorik ezin eginda... Baina halako batean eztanda egin du. Egia aitortu dio familiari, egoeraren berri eman die lagun minei, negar egin du haien aurrean, izugarrizko lotsa sentiarazi arte. Lagunek errukiz begiratu diote, eta horren beldur zen bera, baina arindu egin da pixka bat haien babesa sentitzean.

Arazo ekonomikorik ez duen baina hala ere bizitza pisutsuegia egiten zaion unibertsitateko ikasle gazte bat. Gutxika pilatzen joan zaio tristura, alferkeria, gogogabetasuna. Depresio baten erdigunean dago, baina eztanda egin duen arte ez du onartu. Ez dio izena jarri. Azkenean, ikaskideen aurrean izan duen antsietate-krisi bati esker askatu da. Gainezka egin duen haren depresioari begira daude orain lagunak, bere bidetik atera den ibaiko urari bezala, pala bat eskuan, uholdeak ekarri duen lokatz guztia kentzen laguntzeko prest.