atalanaren erabilerak beherakada alimalekoa izan du azken urteetan bertako haur eta gazteen artean. Horren susmoa aspalditik zetorren. Orain, ikerketa batek zenbakiak paratu dizkio usteari: 2006tik hona %67,8tik %21,4ra jaitsi da eskolakideekin beti katalanez mintzatzen diren ikasleen kopurua. Albisteak lurrikara eragin du. Odolusteari aurre egiteko plana iragarri du Generalitateak. Baina euri gainean ari du euria. Adin guztietan higatzen ari omen da bertako hizkuntzaren gizarte erabilera. Aber-tzaleek estatu faltari egozten diote galera, Madrildik inposatutako legeriak eta arkitektura instituzionalak babesik gabe uzten baitute katalana. Konstituzionalistek, berriz, procés delakoak Kataluniako biztanle auni-tzengan eragin duen ez-nahiaren itzala ikusten dute hainbertze gazte eta ez hain gazteren ihesean. Beharbada ez dira arrazoi kontrajarriak, lehen behakoan hala badirudite ere. Horiez gain, immigrazioa ere aipatzen da, baita ikus-entzunezkoetan nahiz mundu digitalean katalanak gaztelaniaren nonahikotasunaren aldean dituen gabezia eta hutsune nabarmenak ere. Euskal Herritik harriduraz erreparatu diogu albisteari. Mintzairari gu baino aise ere atxikiagoak iri-tzi izan diegu beti katalanei, eta hagi-tzez ere eraginkorragoa eta sendoagoa hango hizkuntza politikari. Eta hala ere, ezin eutsi. Poz gutti eraginen zuen, gurean, han ere zakurrak oinutsik dabiltzala ikusteak. Katalanaren aldeko bultzada instituzional eta sozial guztiagatik ere haiek atzera badoaz, non gaude gu, ahalegin horren laurdena egin ez dugunean? Erantzuna nahi duenak aski du bisitatzea D ereduko edozein ikastetxetako patioa edo arnasgunetzat hartzen dugun edozein herritako plaza. Bada horren kezkarik, ordea? Ez dakit, ba. Netflix eta gainerako plataformetan noizbait euskara usaintzen badugu Esquerra Republicana de Catalunyaren merezimendua izanen da, ez EAJrena ez EH Bildurena.