er zaflako sorta eman diguten egun gutxitan, euskararen geografiako osoan. Nor da epaile jende hori, euskaldunen alde sekula epaitzen ez duena? Zer du barrenean? EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baztertzailetzat jo du Irungo udaltzainen deialdia, euskara nahitaezko baldintzatzat zuelako. Nafarroako Administrazio Auzitegiak ere baliogabetu ditu Atarrabiako Udaleko zenbait lanpostu elebidun, lehenago Berriozarkoan edo Antsoaingoan bezala. Iparraldean, Frantziako Asanblea Nazionalak onetsitako Hizkuntza Gutxituen Lege berriaren artikulu mamitsuenak baliogabetu ditu hango Konstituzio Kontseiluak. Maila berdineko arbuio supremazistarekin erantzun zaie hiru egoera legal desberdinen gerizapean mamituriko hiru xedapen desberdini. Hiru aferen artetik, mugaz haraindiko hiru lurraldeetakoak ageri du ikuspegi beltzena. Frantses jakobinismoaren karga bizkar gainetik zerbait arintzea erdiesten duten aldiro, kolpe gaizto batek bulkatzen ditu irteera lekura, non ez den gibelatago. Epaiak sumina piztu du, Iparraldean ez ezik hizkuntza atxikitzen duten gainerako herrialdeetan ere. Sumina baino gehiago beharko dute egoera bideratzeko. Azken urteetan, bederen, ez dira eskas ibili ekimenean eta asmamenean. Aldiz, Irungoak ematen du moldatzen errazena, EAEko erakundeen sostengua eta presio soziala medio. Argi ibili, nolanahi ere. Nafarroaz, azkenik, zer erran? Administrazio Auzitegia atari-zakurrarena egiten ari da euskarak aitzina ez dezan eskualde mistoko toki administrazioan. Epaile euskarafobikoek beren lana egiten segituko dute, ordea, euskararen inguruko legeria -gutienez ere, arauteria- aldatzen ez den bitartean. Legegintzaldiaren erdia joan zaigu eta Nafarroako Gobernuak segitzen du Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetutako dekretuaren ordezkoa onetsi gabe. Ulertzen daPSNren interes falta alor honetan. Ez, ordea, Geroa Bairen moteltasuna.