aio zen garaian jaio zelako, bestela argi daukat nire amak goi mailako ikasketak egingo zituela, beti eduki duelako sekulako jakinmina eta baita ahalmena gauza berriak ikasteko. Orain, 87 urterekin eta bista oso kaltetuta duelarik, ezin du irakurri, baina, hala ere, gauza berriak ikasteko bidea bilatzen du beti. Beste askok telebistan botatzen dituzten txutxu-mutxuei buruzko programak ikusten dituzten bitartean, berak beti ikusten ditu La2 kateko dokumentalak, eta egun batean Egiptoko piramideei buruzko zerbait ikasten du, hurrengo egunean unibertsoari buruz (hau bereziki gustatzen zaio), edo Afrikako sabanako animaliei buruz. Eta sekulako atentzioz jarrai-tzen ditu dokumentalak, belarrietan kaskoak jarrita, entzumena ere kaltetuta baitauka. Askotan, bere gurpilezko aulkian paseatzera eramaten dudanean, ikasitako zerbait konta-tzen dit. Eta askotan ere, munduaz berak dituen burutazio eta hausnarketak kontatzen dizkit. Aurrekoan, adibidez, aulkia geldiarazteko eskatu zidan, bat batean gogoratu zuelako esaldi bat, nonbaiten entzuna, oso interesgarria iruditu zitzaiona. Gazteleraz esan zidan, hala entzun zuelako: "Dichosos los que brillan sin tener que apagar la luz de los demás". Zorionekoak besteen argia itzali gabe distira dutenak. Eta pentsatu nuen: Nork behar ditu filosofiako liburuak ama alboan edukita? Zenbat egia esaten dituen. Nire amaren garaiko hainbat emakumek ezin izan zuten ikasketarekin egin. Eta pentsatzen dut zenbat ahalmen, zenbat talentu galdu duen gizarte honek euren ahalmen guztia garatzen utzi ez dielako. Emakume hauetako gehienek sekulako ekarpena egin diote gizarteari beste hainbat esparrutan, lanean beti, baina zenbat emakume zientifiko, filosofo, idazle, margolari, argazkilari, arkitekto, abokatu, kimikari, enpresari, esploratzaile, mediku, musikari€ galdu dituen gizarte honek. Eta zenbat galdu duten beraiek, zenbat aukera, beste zerbait izateko. Batzuetan, nire amak unibertsoko planetei buruz hitz egiten didanean, bata txuri batez jantzia imajinatzen dut, astrofisikako klaseak ematen unibertsitateren batean.