Boteprontoan

Loratzen

26.02.2021 | 00:36
Loratzen

Gasteizko kaleetan, egunotan, hainbat zuhaitz daude dagoeneko loratuta. Eta atzo kaletik telefonoz hitz egiten nindoala bat batean beste aldekoak esaten zidana entzuteari utzi nion nire atentzio guztia zuhaitzaren lore more ta zurietan harrapatuta gelditu zelako. Zer esan didazu?, galdetu nion berriz lurra hartzean. Ez dut entzun, moztu egin da, esan nion. Gezurra. Nire burua izan zen moztu zena. Une batez ihes egin nuen. Laneko kontuak ari zitzaidan kontatzen telefonoaren bestaldetik, eta nik une batez alde egin nuen egunerokoaren lurralde horretatik eta hasperenen munduan sartu nintzen, edertasunaren munduan. Loratu egin dira berriz, pentsatu nuen. Beti loratzen dira, azkenean. Telefonoa eskegi ondoren, pentsatu nuen zuhaitzei gertatzen zaien bezala ere gertatzen zaigula askotan pertsonei. Batzuetan loratu egiten garela, batzuetan barruan dugun onena eta ederrena ateratzen dela, eta, aldiz, beste batzuetan hor barruan gertatzen dela eta gure adar biluziak baino ez ditugula erakusten. Baina beti ez dugu kontuan hartzen zuhaitzak eguzkia, ura, epeltasuna behar izan dituen bezala, guk ere behar ditugula elementu eta baldintza batzuk loratu ahal izateko. Gero eta argiago daukat jendea zaindu gabe ezinezkoa dela jendea loratzen ikustea, haiengandik onena irtetea. Batzuetan nahikoa da jendeari zelan dagoen galdetzea, edo gaur itxura ona duela esatea, edo aspaldi komentatu zizun zerbait gogoratzen duzula erakustea, pertsona horren begietan zerbait pizten dela ikusteko. Bat batean norbaitek ura, eguzkia eman diela ematen du. Eta bere onena ateratzen hasten dira. Loratzen hasten dira. Pertsonak zaintzeaz ari garenean, askotan umeen, nagusien edo muga fisiko edo psikologikoren bat dutenen zaintza datorkigu burura, baina zaintza askoz gehiago da. Zaintza bada ere egunero gure inguruan dauden pertsona guztiei atentzio pixka bat eskaintzea. Hain justu nik atzo telefonotik deitu zidanari eskaini ez niona, bide batez esanda. Gaur berriz deitu beharko diot, kontatu zidana errepikatzeko eskatzeaz gain, zelan dagoen galdetzeko.