antatzen duen herria ez da inoiz hilko" abesten zuen Negu Gorriak taldeak. Platonek esana da gorputzarentzat gimnasia bezalakoa dela musika arimarentzat. Beethoven-ek "errebelazio" bat bezala deskribatu zuen musika eta Tchaikovskik esan omen zuen musikagatik ez balitz, zoratzeko arrazoi gehiago izango genituzkeela. Ba, hauez gain, nire amumak ere esaten zuen kantatzen duten pertsonak fidatzekoak direla, barruan musika daraman jendea bizirik dagoela, benetan bizirik, eta jende guztiak abestuko balu mundua hobeto joango litzatekela. Eta ez dakit Platonek, baina amumek beti dute arrazoia. Konfinamendu garaian zenbat eskertu genuen musikaren konpainia, gure etxeko paretetatik irten eta beste mundu batera bidaiatzeko aukera eman zigun. Konfinamendua bukatu zen, baina musikak ez du berreskuratu pandemiaren aurretik zuen presentzia publikoa. Eta nik uste egoera berezi honek musikak, eta bereziki zuzeneko musikak, ematen diguna gehiago baloratzeko aukera eman digula. Larunbat honetan zuzeneko kontzertu batean izan nintzen, eta nire lehen kontzertuetako emozioa berreskuratu nuen. Hainbeste denbora zuzenekorik entzun eta ikusi gabe, opari bat bezalakoa izan zen niretzat, nahiz eta maskararekin eta eserlekutik altxatzeko aukerarik gabe ikusi behar izan nuen. Abendua hilabete berezia da euskal musikarentzat. 2008. urteko abenduan hil zen Mikel Laboa, 2010. urteko abenduan zendu zen Xabier Lete, eta haren heriotzaren berri izan genuen urte hartako Durangoko azokaren atarian. Abendua Durangoren hilabetea ere bada eta. Durango berezia izango dugu aurten, baina urtero bezala izango da erabakigarria euskal musikarentzat, eta euskal kulturarentzat orohar. Gure emozioak pizten ditu musikak, kulturak orokorrean. Durangoko azoka berezi honetan inoiz baino gehiago behar du kulturaren munduak entzule eta irakurleen babesa. Babestu dezagun denon artean azoka, erakutsi dezagun gu ere fidatzekoak garela, nire amumak zioen bezala. Guk ere musika eta kultura daramatzagula barnean.