agana ama hizkuntzatzat zuen azken hiztuna zendu dela irakurri nuen orain dela gutxi. Cristina Calderonek bere arbasoetako hizkuntza eraman du berarekin. Hizkuntza baten amaiera beti izaten da kolpe handia gizartearentzat. Albistea irakurtzea gogorra egin zitzaidala aitortu behar dut. Ez dut jaganarekin inolako harremanik. Ez nuke hizkuntza horretan idatzita dagoen ezer ulertuko. Baina hizkuntzaren sorterria ezagutzeko aukera izan nuen orain dela bizpahiru urte. Horregatik albistearen berri izan dudanean samina sentitu dut nire barnean.

Jaganak Hego Amerikako Suaren Lurraldeko zonalde bateko biztanleak ziren. Egun, jaganen lurraldea bitan zatituta dago. Irlaren zati bat Txileren kontrolpean dago; bestea, aldiz, Argentinak kudeatzen du. Munduko hizkuntza australena zen jagana. Euskararekin gerta-tzen den bezala, hizkuntza isolatua izan zela diote aditu gehienek. Ez naiz hona etorri bi hizkuntzen egoera konparatzera. Izan ere, hizkuntza bakoitzak bere historia dauka, eta noizbait antzekotasunak ere izan badituzte, ibilbide guztiz ezberdinak egin dituzte.

Baina albistea irakurrita, azken astetan EAEko hezkuntza sistemaren harira sortutako zalapartaz oroitu naiz. Suaren Lurraldetik hamabi mila kilometroetara dago euskararen herria. Gure kasuan ere, bi estatuen artean bizi gara euskaldunok. Bidasoatik gora bizi direnak, antza, iparraldekoak dira; ibaia zeharkatuz gero, hegoaldekoak gaude. Hegoaldean, gainera, gure tokian tokiko zatiketa dugu. Alde batetik, EAEkoak; bestetik, Nafarroako Erresuma berriko biztanleak. Berria diot, antzinako Nafarroako Erresumak hartzen zuen lurraldea egun ezagutzen duguna baino askoz zabalagoa zelako.

Testua izenpetzen duen honek eredu mistoan burutu zituen bere lehenengo ikasketak. Hala ere, rakasgai gehienak euskaraz ematen nituen, euskarazko eredura oso zuzendua zegoen eredu misto batean hezia izan nintzelako. Betidanik, bi hizkuntzak erabili ditut etxean, nire senideen artean denetarik dagoelako. Familia bileretan eta bazkarietan, berriz, logikoa den moduan, gaztelania gailentzen zi-tzaion euskarari.

Eredu mistoa euskararen gutxieneko ezagutzak barneratzeko baliagarria izan daiteke, baina tresna antzua bihurtzen da euskara maila ona lortzea bilatzen duten pertsonentzako. Ez da beharrezkoa aipatzea gaztelaniazko ereduan lortzen den emaitza are okerragoa dela. Dagoeneko puntu honetara heldu diren batzuek, ziurrenik, euskararen inposa-tzaile hutsa naizela pentsatuko dute. Guztiz erratuta daude.

Ni ez naiz inora joango euskara inposa-tzera. Nik ez dut gazteleraren eta frantsesaren aurka egingo. Euskal herritarra naiz eta euskalduntzat dut nire burua, baina horrek ez du zertan esan nahi gainontzeko hizkuntzek nire izaeran lekua ez dutenik. Euskara eta gaztelania ditut nireak, horiekin bizi izan dudalako bizitza osoa. Zoritxarrez, ezin dut berdina esan frantsesari buruz; baina pentsatzen dut iparraldeko euskaldunek egoera horretan egongo direla.

Hala eta guztiz ere, zazpi lurraldetan euskara ardatza duen hezkuntza sistema ezarri beharko luketela uste dut. Euskararen ezagutza eta erabilera indartzeak ez du gaztelaniaren eta frantsesaren desagerpena ekarriko. Urteetan zehar ideologia eta pentsaera diferentea duten pertsonen arteko bizikidetzari buruz aritu gara, eta ez ginen konturatzen hizkuntzei berdina gertatzen zaiela. Euskara baztertua izan da denbora luzez bere sorterrian. Nik ez dut kolonoei eta inposatzailei buruz hitz egingo. Ez dut uste mota horretako terminoak erabiltzea onuragarria denik. Gorrotoa besterik ez dute bultzatzen. Baina historikoki euskarari egindako erasoak ukaezinak dira. Euskarak bere lekua berreskuratu behar du: kalean, administrazioan, bileretan, lagunen artean...

Suaren Lurraldeko tokian tokiko hizkuntza erabili dut eredu gisa euskarari buruz hausnartzeko. Jaganaren azken hiztun natiboa zendu dela aipatu dut hasieran. Baina Txilen ez dago dena galduta. Izan ere, Cristinaren alaba den Lidia Gonzalezek hizkuntza berreskuratzeko deia zabaldu du. Txileko konstituzio berria idatziko duen legegile indigenen artean dago Lidia. Andeetako herrialdeko presidente berriak ere, Gabriel Boricek, Txileko jatorrizko herrietako ordezkariei harrera egin die lehendabiziko aldiz La Moneda jauregian.

Historian zehar jazarpena eta bidegabekeria jasan duten hizkuntzei eta herri indigenei egindako suntsipena konpondu nahi du Txilek. Euskaldunon herrialdean badugu berdina egitea. Gure berariazko hizkuntza maitea da euskaldun egiten gaituena. Gure arbasoetatik jasotako ondarea mantentzea gure esku dago. Horretarako, euskara plaza erdian kokatu behar dugu denon artean. Ez, euskara hutsean oinarritutako hezkuntza sistema defendatzea ez da inolako inposaketarik. Euskararen ezagutzari eta erabilerari bultzada ematea ez da gaztelaniaren eta frantsesaren aurka joatea. Momentu honetan indarra behar duenari babesa ematea eta euskaldunon berariazko izaera defendatzea besterik ez da. * Kazetaria