0ko hamarkada. Gasteiz. Ni, kazetari gazte. Politika orokorraz zenbait galdera egin dizkiot Jaurlaritzako eledunari. Bazterrak mindurik daude Madrilekin. Hango hedabideak “euskal arazoaz” etengabe kalakan. Noizbait akitu dugu elkarrizketa, mikrofonoa itzali eta trasteak biltzen hasi gara. Kameraren aitzinean erraten ez direnak errateko hautatzen dute une hori politikariek. Ez da eledunaren estiloa, baina gaur filosofo dabil. “Azken batez, gure problema zenbakiak dira -jaulki dit halako batean-. Gu asko bagina eta espainolak gutxi, ez litzateke euskal arazo bat izango, baizik eta espainol arazoa. Gu gutxi gara eta haiek asko, baina. Horrexegatik dago euskal arazo bat eta ez espainol arazo bat”. Zuzen edo oker, delako sailburua politikaz ari zen. Aldiz, hizkuntza gatazka deskribatzeko mamitua dirudi haren arrazoiak. Areago Nafarroan. Gaur-gaurkoz, zenbakiak dira gure problema nagusia. Gutxi gara, erdal itsaso batean. Gure hizkuntzaren estatusaren gainean ez dugu guk bakarrik erabakitzen, erdaldunak -gehiengoak- ere du hitza, eta hitza ez ezik, giltza. Alferrik da euskaradunaren eskubideen aldarria egitea euskaragabea gure nahien zuzentasunaz ohartarazteko gai ez bagara. Horretaz jabetu gabe debalde biziko gara betiereko suminduran, pareta beraren kontra behin eta berriz joka. Gustatu ala ez, premiazkoa zaigu erdaldunen konplizitatea. Tamalez, gaur egun, ez dira hainbertze bidaia horretan gure bidelagun izateko prest. Nola lortu gehiagoren atxikimendua? Lanbide zaila, historia zaharrak eta politika berriak mikazturiko giroan. Bada, hala ere, amore ematen ez duenik. Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskarabideak gogoeta egitera gonbidatu gaitu. Hitzordua, etzi, hilak 14, Iruñeko Kondestablean: “Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak”. Arrakasta bete-betea opa behar genioke jardunaldiari. Horren baitan dago gure etorkizuna.