ehenik eta behin, eta egia esan dezadan, zalantza ugari izan ditudala artikulu honen izenburuarekin, nola asmatu! Uztartu nahi izan baititut bi hitz, bi kontzeptu, bizitza eta liburua, liburua eta bizi-tza, eta hauei dagokien isla edota ispilua. Aitaren 147 orriko bihotzezko eta paperezko liburua, altxor preziatu gisa, eskutan daukat bai, baina aitaren liburuaren bizitza, oroitzapenak eta gogoetak, bihotzean, gogoan eta betirako burmuinean txertatuak ditut zinez.

“Ez dago, ez, idatzia”, Felix Inocencio Bujanda Sarasola (1915-2014) memoria eta gogoeta sorta eman du argitara Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, EGAN literatura aldizkeriaren gehigarri gisa. Nire esker ona beraz EGANi.

Nire aita, Felix Inocencio Bujanda Sarasola, “Inosen”, 1915eko urtarrilaren 16an jaio zen Donostiako Antiguako auzoan, eta hantxe bertan tranbiak 11 urte baino ez zituela zango bat belaunetik gora moztu zion ez ordaintzearren martxan igo nahi izateagatik. Fortunato zuen aita, Luisa ama, sei seme-alaben artean hirugarrena zen (Benito, Luisi, Inosen, Gerardo, Paki eta Txaro). 1936ko gerra zibilean “Inosen” eta bere bi anaiek, Benito eta Gerardok, Eusko Gudarostean, EAJ-PNVko Saseta batailoian hain zuzen, gudari bezala borrokatu zuten, Gernikan zen bonbardaketa egunean, arrebak niñas de la gerra gisa erbesteratuak egon ziren bitartean.

“Inosen” Santoñan preso hartu zuten Italiarrak Gerardorekin batera, ordurako anaia zaharrena, Benito, Lemoako menditan hila zen aurrez aurreko borrokan erreketeen aurka. Aita El Dueso eta Puerto de Santamariako kartzelak ezagutu zituen Koldo Mitxelenarekin topo egin zuelarik. Urteen ondoren, kaleratu eta euskal “erresistentzian” jarraitu zuen.

Gerra ostean, espetxetik irten eta gero, “erresistentzian” ari zelarik hainbat denbora ezkutuan bizi behar izan zuen poliziak bazterrak miatzen zituen bitartean “rojo, separatista, cojo, peligroso y con gafas” gaizkilea atxilo-tzeko asmotan zebilerarik. Horra zergatik liburuaren azpitituloa: “Herren arriskutsu eta kafadun baten gogoetak”. Añorga auzoko Xixili Arizmendi ezkondu zen 1950. urtean eta hiru seme-alaba izan zituzten, ni neu naizen José Manuel, Arantxa eta Juan Ramon. Aita, autodidakta izan zen, jakituna, serioa, nortasun zorrotzekoa, irakurle amorratua, kultua (Frantsesez eta ingelesez poliki moldatzen zen eta hil zenean Küng teologo alemaniarraren liburua zeukan alemanez bere “mesanotxe” gainean), euskalduna zen, abertzalea, fededuna baina ez klerikala. Demokrata eta humanista zintzoa zen, ezberdinen artean zubiak eraiki-tzearen aldekoa. Autoritarioak, sektarioak eta, bereziki, faxistak ez zituen, inolaz ere, jasaten edo soportatzen. Arbuiatu eta mespretxatu egiten zituen, erabat.

“Inosen”, aitona zaharra, birraitona garai haietan, 98 urterekin hil zen burua guztiz argiarekin. Azken urteetan idatzitako hainbat orrialde aurkitu genizkion seme alabok kartoizko kaxa batean pilatuta, eta guztiak nik neuk denboraz eta pazientziaz transkribatu, orraztu, txukundu, ordenatu eta bere omenez aurkeztu eta argitaratuak izan dira EGAN aldizkarian. Ez zen lehen aldiz idazten zuenik, 1970 hamarkadaren inguruan sarri irakur zitezkeen bere artikuluak “Zeruko Argia” astekarian, era berean hainbat ipuin lehiaketatan ere hartu izan zuen parte.

Oraintsu argitaratutako liburuan hainbat gai jorratzen ditu aitak idazkera zuzen, txukun, jator, benetalari eta bat-bateko estilo arteza eta erritmoa duenean. Gaiak: Memoriak eta oroi-tzapenak (“Pausoka”); Gomuta eta gogoetak (“Mitoak”, “Utopia”, “Gezurretan”, “Bikaintasuna” eta “Planeta”)

“Pausoka” (oroitzapenak edo memoriak) atalari 20 orrialde eskaintzen dizkio: gurasoak, anai-arrebak, haurtzaro eta nerabe aroa, lehen aipaturiko istripua eta ondoren bere gazte bizitzaren amaiera hanka bakar baten jabe, halabeharrez sortutako irakurtzeko griña zorrotza bere anai zaharrena zen Benitok eta lehengusua zuen Joxemari Lekunberri oparitutako garai haietako umeentzako irakurgaiak.

Aipatzen ditu ere Antigua auzoa, amaren eta aitaren heriotzak, auzo horretako gerra aurreko giro zitalak, Bizkaira joan behar izana Saseta batailoian nahiz eta hanka bakarraren jabe izan, Gernika, anai Benitoren heriotza, Santoña, militar faxisten epai eta espetxe zigor zorrotza, El Dueso eta Puerto Santamaria kartzeletako gorabeherak, kaleratzea eta erresistentziako gorabeherak Joseba Salegi, Koldo Mitxelena, Ajuriagerrarekin eta abar, eta ezinbesteko eta azken orduko ihesaldiak mugaren mugan.

Baina bizitzak badu bere geruza eta korapiloa, ez baita zerbait isolatua, alderantziz, filosofiaz, mitoez, utopiez, egi eta gezurrez inguratuta dago, bikaintasuna du helburua, klima eta ingurumena du sehaska eta planeta etxebizitza. Dena dela “Inosenek” beti zuen argi etorkizuna ez zegoela idatzia, hauxe bere zeharkako ideia liburuan zehar.

Gogoeta korapilatsu horiei ez die muzin egiten “Inosenek”.

Hala nola “Mitoak” aipatu eta lantzen ditu, mito zaharrak, oraingoak eta betikoak, guztiz beharrezkoak bizitzan, “izena duen guztia omen da” zioen norbaitek. Platón, Titan, Ulises Sisifo, Herkules, Teseo, Monotauro, Edipo, Apolo, Dionisio, Zeus Mazedoniako Filipo, Medea, Atenea, Apolo, Elektra, Delfos eta “geure” etxeko Lur, Eguzki, Eki, Ilargi, Urtzi, Mari, Mikelats, Basajun, Akerbeltz eta abar.

“Utopia” (“gizona utopia duen izakia da”) eta honen aurkakoak ere aipatzen ditu hainbat deliberamendu eginaz bakoitzari buruz: Platon, Tomas Moro, Rabelais, Bacon, Mercier, Saint-Simon, Owen, Fourier, Proudhon, Morris, Thoreau, Skinner, Victor Hugo, Oscar Wilde, Marcuse eta Aldous Huxley besteren artean lantzen ditu.

“Gezurretan”. Aitak aipatzen du, bere ustez, norberaren utopia, utopia indibiduala eta partikularra beraz, sarri bikaintasunaren bila eroturik dabilenean bereziki, gezurretan bilakatzen dela ezinbestez eta honela hainbat adibide aipatzen ditu.

“Bikaintasuna” gaia ere zorrotz jorratzen du, “Anne Sullivan Miraria”, Marie Curie, Stephen Hawking, Mandela eta abarren bizitzak eta gertaera guztiz miresgarriak aipatuz laburki bada ere.

“Planetaz” ari denean honela dio hasieraren hasiera geure burua testuinguruan kokatzeko asmoz: “Puntu txiki bat besterik ez da gure planeta gure galaxian. Eta gure galaxia bera ere gauza gutxitxo da unibertsoan, milioika galaxia daude eta unibertsoan”. Planeta zaindu beharreko gure bizitokia da, gure altxor bikaina eta sehaska abegikorra.

Zinez, luze eta zabal ari zaigu gure planetaz bere oraina eta etorkizunaz, giza eskubideaz, nazioarteko politikaz, ingurumenaz, lana eta enpleguaz, militarismoaz, baikortasun eta ezkortasun antropologikoaz, gorrotoaz, ezinikusiaz, kultura politiko berri baten beharraz, eta oso zerrenda luzea osatzen duten artista, musikalari, politikalari eta zientifikoz. Bere humanismoaren isla zuzen diren hainbat gogoeta sakon egiten ditu.

Eta azkenik liburuak duen tituluaz ari zaigu: iragana idatzia dago, ez du beraz bueltarik, baina etorkizuna gure esku dago, geroa “Ez dago, ez, idatzia”. Geure erronka da biharko eguna idaztea ahalik eta era zuzen eta txukunenean. Bedi bada.