andemien garaiak bizi ditugu, Covid-19 birusak agenda guztien zentralitatea hartu badu ere, aspalditik ezagutzen genituen birus ugari indarrez heda-tzen ari dira: arrazakeria, faxismoa, autoritarismoa, neoliberalismoa… Gainera, hauek ere pandemia globalak ditugula argi ikusten ari gara, eta Covid-19ak eragin digun zaurgarritasuna eta ziurgabetasuna baliatu nahian dabiltza munduan zehar, haien diskurtsoa herritarron artean zabaltzeko. Munduko estatu zein erakundeak birusarentzako txertoa buru belarri ikertzen ari dira, eta baliabide publiko zein pribatu ugari horretara zuzentzen. Baina herritarron gehiengoari arnasa ere kentzen ari diren gainontzeko pandemiekin zer?

Argi dago herritarrok behar ditugun aldaketak eragiteko borrokatu egin beharko dugula, perspektiba historikoak hala erakusten digu gainera, herritarron bultzadari esker etorri direla gure bizitzak duintzeko behar izan ditugun aldaketak. Oraingoan ere, behar ditugun aldaketak herritarrok eraiki beharko ditugu, bestela, nahi ez dugun errealitate batekin egingo dugu topo, gure bizitzak erdigunean jarri baino, gutxiengo baten zerbitzura jartzen jarraituko dituena. Herritarron ahalduntzea eta engaiamendua ardatz izan beharko dira datozen hilabete eta urteetan ere.

Gelditzera behartuta ikusi dugu geure burua krisialdiaren aurrean, eta Gure Eskuko kideok itxialdia hausnarketarako aukera bilakatu nahi izan dugu, ‘Gelditu, hausnartu, erabaki’ solasaldi digitalen bidetik. Bertan, sektore anitzetako zenbait pertsona aditu zein arituk gurekin partekatu dituzte hamaika hausnarketa eta irakaspen:

Asistentzia sanitarioan oinarritutako osasun sistema dela gurea, horrek dakartzan mugekin, eta prebentzioa eta zaintza lehenesten dituen sistema bat eraikitzea dela alternatibarik osoena. Natura erasotzeak ekarri gaituela honaino eta ekoaniztasunaren zaintza dela izurriteen aurreko txertorik onena. Mundu fisikoan bizi ditugun arrakalak mundu digitalean ez direla desagertzen, kontrara, areagotu egin daitezkeela eta horregatik ahalduntze eta burujabetza teknologikoa dela bidea. Erabakiak nola, non eta nork hartzen dituen arretaz begiratu behar dugula eta tokian tokiko erabaki garden eta horizontalak direla egokienak eta erakingorrenak. Euskara eta kulturaren zaurgarritasunari aurre egiteko eta horiek babestu eta biziberritzeko, elkar zaintza eta elkarlana ezinbestekoak direla. Espazio publikoa —kaleak eta plazak— ekintza kolektiborako ezinbestekoa dugula. Kanpotik datorrenaz gaindi, gure ideia eta esperientzia propioak balioan jartzea behetik eraiki nahi dugun aldaketarako lehen urratsa dela ere partekatu dugu.

Irakaspen eta bizipenak hamaika eta anitzak izanda ere, aldaketak nondik eta nola eragin nahi ditugun hausnartzerako orduan, elkarpuntu ugari ditugula nabaria da: Eremu publikoa zabaldu eta indartuz, eskubide eta askatasunak bermatu eta zabalduz, tokian tokiko erabakiak hartuz, kolektibotasuna indartuz, gobernantza eredu berri eta demokratikoago bat eraikiz eta autogobernu sendoago baterako urratsak eginez. Era berean, konbentzituta gaude horrek guztiak herri gisa jardutea eskatuko digula.

Honetaz guztiaz jabetzea eta behar ditugun aldaketak elkarrekin eraikitzeko konpromisoa hartzea, beraz, gure esku dago. Baina hilabeteotan ikasi ere ikasi dugu, krisi garaiek behar ditugun aukerak ekarriko dituztela, betiere herri zein norbanako moduan erabakitzeko gaitasuna baldin badugu. Egiturak, tresnak eta behar ditugun aldaketak eragiteko aukerak guk geuk sortu beharko ditugu. Gure bizitzak erdigunean jarri behar direla diogunean, geure bizitzen jabe izateaz ari gara, geure erabaki propioak hartzeko behar dugun gaitasun eta erabakimenaz.

Burujabetzak borrokatzeko garaia dugu, hortaz; elikadura burujabetza, burujabetza identitarioa, burujabetza ekonomikoa, burujabetza kolektiboa, kontsumo burujabetza, herri burujabetza, burujabetza sexuala, burujabetza teknologikoa… Burujabetza hauek guztiak teorikoak baino praktikoak behar dute izan, eta horretarako, horiek errealitate bilakatzeko bideak eraiki beharko ditugu; erabakiak nola hartu nahi ditugun hausnartu, eztabaidatu eta adosteaz gain, erabakitzeko tresnak eskuratzeko ere lan egin beharko dugu.

Bizi dugun osasun krisian sartu aurretik, ‘Hamaika Gara’ egitasmoa aurkeztu zuen Gure Eskuk Euskal Herriko beste hainbat eragile sozialekin batera, herri erronka berri bat planteatzeko asmoarekin. Euskal herritarron erabakitzeko zein burujabe izateko arrazoiak hamaika izanik, horretarako behar ditugun tresnak eta bideak eskuratzeko helburu partekatua jarri genuen mahai gainean. Orain, krisian murgilduta, hemen erabakitzeko eta herritarrok erabakitzeko geroz eta arrazoi gehiago ditugula argi esan dezakegu, baita irekitako bidean jarraitzeko eta sakontzeko premia ere; hori irudikatu nahi izan dugu joan den asteburuan 50 bat herritan egindako mobilizazioen bidez. Finean, inoiz baino argiago geratu da txertorik onena demokrazia bera dugula; Covid-19 pandemiaren aurrean, bai, baina bereziki indartzen ari diren gainerako pandemia arriskutsuen aurrean.

Gure Esku Dago