Hiri mailan 2011an Gasteizko Udaletxeak egindako inkestaren datuak Zabalganara estrapolatuz auzokideen %27a euskalduna dela eta %29ak euskara nolabait ulertzen duela estimatzen da. Hala ere, anbulatoriotik bertatik jasotako datuen arabera, 8 familiako medikuetatik bi euskaldun daude arratsaldeko txandan -goizean ez dago atentzioa euskaraz jasotzerik-, 4 erizainetatik euskaldun bakar bat dago eta 5 pediatretatik euskaldun bakar bat ere.

Zabalganako Euskara batzordetik eskaera batzuk egin dira baina jarraitzen dugu medikuntza-arreta euskaraz ziurtatuta izan gabe. Honi gehitu behar diogu medikuntza arreta ezin dela mediku euskaldunak egotera mugatu, beharrezkoa baita medikuntza-arretan parte hartzen duten beste eragileak ere euskaldunak izatea, erizainak kasu; bestela bien arteko komunikazioa eta pazienteekikoa erdara hutsez geratzen da, mediku euskalduna egotea praktikan ezerezean geratzen.

Egoera honen aurrean Osakidetzari gure eskubideak errespetatzeko presioa egitea ezinbestekoa zaigu. Izan ere, hamarkadetan zehar nahiko argi geratu da zerbitzua euskalduntzea ez dela lehentasun bat Osakidetzan. Hala ere, badago beste eginkizun bat euskaldun guztioi dagokiguna: gure eguneroko bizitzan, arlo guztietan eta, are gehiago, instituzio publikoetan, euskaraz aritzeko eskubidea praktikatu. Izan ere, gure lehenengo hitza beti euskaraz izatea; ez badugu erantzuna euskaraz jasotzen behintzat egoera anormal hau agerian gera dadila, salaketa moduan ere.